Felix Azurmendi erretorea (ezkerran) eta Azkoitiko Caritaseko kideak (Ane Olaizola/Hitza)
Azkoitiko Caritasek Gabonetako kanpaina hasiko du datozen egunetan, urteko azkenengoa, eta herritarren laguntza eta ekarpenak eskatuko ditu. Elizaren barruko erakundeak behartsuei eta baztertuei laguntzen dihardu, eta horretarako hainbat zerbitzu eskaintzen du herrian. «Karitatetik harago doa Caritas, eta pertsonei duintasuna ematea eta gizarte eredua aldatzea da gure lana», adierazi dute. Herrian egiten duten lanaren berri eman dute taldeko kideek, eta hainbat herritarrek bizi duten egoeraz ohartarazi dute. Hala nola, arropa bila joaten den herritarren kopurua azken hilabeteetan «asko hazi» dela adierazi dute elkarteko kideek. Egun, 45 lagun joaten dira arropak jasotzera astero.
Guztira 35 lagunek osatzen dute Azkoitiko Caritas, eta harrera egin, arropak eta jatekoa bildu, eta gaixoei, presoei eta haien familiei laguntzen diete ekonomikoki. Harrera, esaterako, ostegunero egiten dute. Bi lagun arduratzen dira horretaz, eta bertaratzen diren pertsonei harrera egin, haien egoera ezagutu, eta laguntzen saiatzen dira. Adierazi dutenez, bataz beste zortzi eta hamar familia bitartean hartzen dituzte astero. «Pertsona bakoitzaren egoerara eta beharretara moldatzen saiatzen gara, aholkularitza eta laguntza ekonomikoa eskainiz». Beste laguntzen artean, etxerik gabekoentzat bi etxebizitza egokitzen dituzte, aldi baterako.
Egungo egoera dela eta, astero elikagai edota arropa bila eurengana jotzen duten herritarren kopurua «asko» igo dela adierazi dute. Elikagaiei dagokienez, ostegunero 60 janari poltsa banatzen dituzte Azkoitian. Herriko hiru saltokitatik jasotzen dituzte elikagaiak egunero, eta sailkatu egiten dituzte gero. Era berean, Bergarako elikagai bankuetara joaten dira astero. Familien araberako sortak egiten dituzte. Elikagaiak eman aurretik, ordea, familien egoera ekonomikoa «ondo aztertzen» dituztela nabarmendu dute. «Pobrezian bizi direnei laguntzen diegu, eta aurrez ezarritako irizpideak kontuan hartzen ditugu janariak jasotzeko baimena emateko. Horretarako, nolako egoera ekonomikoa duten jakin behar dugu». Hain zuzen, adierazi dute «epaile»
gisa aritzea «oso zaila» egiten zaiela.
Beste zerbitzu nagusia arropa banaketa da. Herritarrek ematen dizkieten arropak banatzen dituzte asteazkenero, 09:00etatik 11:00etara, kultur etxeko eraikinean, bake epaitegiaren ondoko gelan. «Jendea ezagutzeko, harremanak egiteko, eta, batez ere, arropa bila joaten dena ondo hartzen saiatzen dira horretan aritzen diren bederatzi bolondresak». Era berean, arropak konpontzeko josteko makina erabiltzeko aukera dute behar dutenek, eta soberan geratzen den arropa aprobetxagarria beste erakunde batzuetara bideratzen dute, hala nola, Gizakia Helburu zentroetara.
Taldearen diru iturri nagusia herritarrek ematen dituzten ekarpenak direla adierazi dute, eta udalak ere diruz laguntzen die.
Elkartasuna balio
Egungo egoeraren harira, Felix Azurmendi Azkoitiko erretoreak mezu bat bidali dio komunitate kristauari. Krisi egoeretan etorkinen aurkako jarrerak hazi egiten direla esan du, baina herritarrek «harrera onaren» eta «elkartasunaren» balioak ez ditzaten galdu eskatu du. «Ez dugu galdu behar Azkoitiak duen solidario izena. Kontuan izan behar dugu beharra dutelako etortzen direla, eta eskubidea dutela horretarako, haien kostatzen baitzaie gehien beren herrialdea uztea».