Gerdauko lan heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek

Urola Kostako Hitza 2013ko abenduaren 13a

Eguerdian egin dute elkarretaratzea, lantegiaren aurrean
(Ane Olaizola)   Azkoitiko Gerdauko Enpresa Batzordeak deituta, elkarretaratzea egin dute eguerdian, ostiraleko lan heriotza salatzeko. Dozenaka lagun elkartu dira lantegiaren parean eta Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea zioen pankartaren atzean. Herritar talde batek deituta, beste elkarretaratze bat ere izango da 19:00etan, Azkoitiko plazan. Lan istripuz hil zen K.N Azpeitiko bizilagunaren familiari eta lagunei elkartasuna eta babesa azaldu diete Azkoitiko eta Azpeitiko Udal Gobernuek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. «Behar duten guztian laguntzeko prest» daudela jakinarazi eta gertatutakoa argitzeko behar diren bitartekoak jarriko dituela agindu du Azkoitiko Udalak. «Istripuen arrazoiaz ahalik eta informazio gehiena izan asmoz eta istripua salatzeko» atzoko mobilizazioekin bat egin zuen. Halakorik ez errepikatzeko «prebentzioa, prestakuntza eta lan segurtasuna» ezinbestekoak direla azpimarratu du Azpeitiko Udal Gobernuak. Bide horretan lan egiten saiatuko dela adierazi du udalak, eta eragile guztiei dei berezia egiten diegu laneko segurtasunari eta osasunari buruzko araudia zorrotz betetzeko. Azpeitiko bizilaguna zen hildakoa. Aldundiak, berriz, lan osasunari lehentasuna emango dion lan harreman eta prebentzio eredu berria sortu behar dela azpimarratu du, «lan duina eta segurua» ardatz izanda. «Egiturazko arazo» horri aurre egiteko, beraz, «osasunaren aurkako delituen jazarpena ezinbestekoak» direla berretsi dute. «Norabide horretan lan egin behar dute gizarte eta ekonomia arloko eragileek eta erakunde publikoek», berretsi dute. Enpresei dei berezia egin die, lan segurtasuna eta osasunari buruzko «araudi zorrotza» bete eta betearaz dezaten, eta kultura hori zabaltzeko konpromisoa hartu du. Hain zuzen, Gipuzkoako PSE-EEk, bere aldetik, azpimarratu du erakunde publikoek «modu koordinatuan eta egokian» erantzun behar dutela lan istripuen aurrean, lan munduan prebentzioaren kultura indartu dezaten. Ostiral eguerdian gertatu zen ezbeharra, Azkoitiko Gerdau enpresan. Garbiketa eta garraio lanak egiten ari zela 4.000 kilo baino gehiagoko barra-pakete batek langile jo zuen, eta hil egin zen. 40 urteko langilea azpikontratatutako zen, eta Zumaiako Limpieza y Mantenimiento Rosi enpresarako ari zen lanean. Heriotza salatzeko eta biktimaren senideei elkartasuna adierazteko fabrika geratu zuten egun horretan. Gerdauk adierazi duenez, hildako langileak «ekipamendu egokia eta beharrezko prestakuntza» zituen, eta enpresak doluminak azaldu dizkio familiari. Hildako behargina 2008tik Gerdaun azpikontratatuta ari zen lanean. ELA sindikatuak gogorarazi du «behin eta berriz» errepikatzen diren gertakariak direla halako ezbeharrak, eta «azpikontratazioen, segurtasun neurri faltaren eta formazio ezaren» ondorio direla. «Alferrikakoak dira mahaiak, planak eta argazkiak, segurtasunak eta osasunak lehentasunik ez badute lanpostuei dagokienean». Lan ezbeharrei aurre egiteko «baliabide publiko gehiago» bideratu behar direla uste du ELAk, eta «patronalaren interesen eta pribilegioen aurkako neurriak hartzeko konpromiso publikoa» ezinbestekoa dela dio. CCOO sindikatuak, bere aldetik, erakundeei eskatu die azpikontratatuen baldintzak zaintzeko orduan «zorroztasun» gehiago izan dezatela, eta kontratatzaileei arauak «goitik behera» bete ditzatela exijitu die. ELAren datuen arabera, Hego Euskal Herrian 33 langile hil dira aurten lan istripuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide