Azkoitian Txalon Erreka eta Martirieta lotzeko zubi bat egitea onartu du aldundiak

Ane Olaizola 2013ko azaroaren 27a

Txalon Errekako errepide berriaren ondoan egingo dute zubia, Martirietara joateko (Ane Olaizola/Hitza) Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegitura Sailak «defizita malgutzearen ondorioz» hainbat inbertsio egingo du. 18 milioi euroko funtsa du proiektuak gauzatzeko, eta horien artean Azkoitiko Txalon Erreka eremuan zubi bat eraikitzea onartu zuen atzo Diputatuen Kontseiluak. Azkoitiko Udalak zenbait lan egin du eremu horretan, eta besteak beste bide sare lokala berrantolatzeko eta herrira lotzeko azpiegiturak egin ditu azken urteetan. Hala nola, beste bide bat egin dute Txalon Errekara joateko, eta horren eraginez handik Martirieta auzora joateko GI-3172 errepidearen hasiera ez da erabiliko aurrerantzean. «Bide berria egin zutenetik Martirietara joateko errepide zaharreko zatiak traba egiten zuen», adierazi du Azkoitiko Udalak. Horrez ordez, beraz, Txalon Erreka eta Martirieta lortzeko zubia eraikiko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Dagoeneko atera du proiektua lehiaketa publikora. Guztira 323.932,36 euro gehi % 21eko BEZ- izango du proiektuak, eta aldundiak finantzatuko ditu lan guztiak. Honen arabera, zubia egiteko lursailak erabilgarri daude jada, eta ez du aparteko lanik egin beharrik izango horretarako. Hori hala izanik, lehiaketa publikoaren epea amaitzean eta lanak esleitzen dituztenean «berehala» hasteko moduan izango da zubia eraikitzen. Lan horiek guztiak egiteko lau hilabetako epea izango dute langileek. Ez du horretarako datarik zehaztu, baina hurrengo urteko otsaila inguruan egitea aurreikusi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Sestra Ingenieria y Arquitectura SL enpresak egin du horretarako proiektua, eta honen arabera, zubiak ez du erdian zutaberik beharko. Lauza moduko zubia izango da, eta guztira hemezortzi habe izango ditu, bakoitza 12,49 metro luze eta 0,60 metro zabal. Era berean, horri lotutako beste hainbat lan ere aurreikusi du aldundiak. Dagozkion seinale bertikalak eta horizontalak jarriko ditu, eta paretetan eta lubetetan baranda jartzeko asmoa du. «Zerbitzu berriak» egitekoak ere badira. Hala nola, drainatzea, saneamendua, ur hornidura, gasa, komunikazioa eta argiterian hobekuntza lanak egingo dituzte. Aldundiak gaineratu du obren ondorioz hondatzen diren aurreko materialak ere berregingo dituela. Aurrerantzean erabilgarria izango ez den errepide zatia 150 metro ingurutakoa da, aldundiaren eskumenekoa. Zati horretan zer egingo duten ez dute zehaztu oraindik, baina zelaiak egitea aipatu du udalak, besteak beste. Erdi biribilgunea, 2014ean Txalon Erreka eremuan, besteak beste, etxebizitzak egitekoak dira, eta horien alboan eraiki dute errepidea. Zubia egitearekin batera, gainera, biribilgune erdi bat egitekoa dira auzoan. Jausoro eta herrigunearekin lotura egingo du honek. Udalak egingo ditu lan horiek, eta jakinarazi du zubiaren lanak amaitutakoan hasiko direla erdi biribilgunearekin. 2014ean egitea aurreikusi du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide