Danon Herrixe prozesuko konpromisoak betetzen ari dela dio Azkoitiko Udal Gobernuak

Ane Olaizola 2013ko azaroaren 7a

San Martingo espaloia eta Aizpurutxoko zubia hurrengo urtean konponduko du udalak, prentsaurrekoan azaldu dutenez (Ane Olaizola/Hitza) Azkoitiko Udalak Denon Herrixe parte hartze prozesua hasi zuen iaz, eta herritarrengandik jasotako proposamen batzuk aurtengo aurrekontuetan txertatu zituzten. Horien inguruko errepasoa egin du udal gobernuak, eta hartutako konpromisoak «betetzen» ari dela jakinarazi du. Nabarmendu du «gehienak» eginda daudela, eta falta direnak hurrengo urtean da amaitzekoak. Herriko hainbat gune txukuntzeko beharra azaldu zuten herritarrek, eta horien ondotik hainbat lan egin duela gogoratu du. Besteak beste, herriko parke guztiak «errepasatu», zorua aldatu eta konponketak egin ditu. Gainera, «badaezpada» astero gainbegiratzen dituela adierazi du. Horrez gain, «zaharkituta» dauden jolas parkeak nola berritu aztertzen ari dela jakinarazi du. Estalitako parke bat egitea ere proposatu zuten herritarrek, eta horri irtenbidea emateko asmoz larunbatero Elkarguneko aretoa zabaltzen hasi da. Espaloiei dagokienez, «egoera kaskarrenean» daudenak aztertu ditu, eta lehen pauso gisa San Martin auzokoa konpontzea erabaki du udal gobernuak. Udalak eskatuta ditu diru laguntzak, eta urtea amaitzerako lanak esleituko dituztela aurreratu du. Ipintza auzoko saneamendua bideratzeko lanak ere hurrengo urtean hasiko ditu, Gipuzkoako Urak-ekin akordioa lortu eta gero. Aizpurutxoko zubia konpontzeko lanak ere orduan hasiko ditu, «arazo tekniko» batzun eraginez prozesua atzeratu egin baita. Auzotarrek hala eskatuta egingo du, «arriskutsu» dagoelako. Musikagunea, esleituta Auzoetarako irisgarritasuna hobetzeko autobus urbanoa jarriko dutela iragarri zuten aurrekontuak onartu zituztenean, eta zerbitzuaren ibilbidea, geltokiak, prezioa edota ordutegiak «zehazten» ari direla esan dute. Joan zen astean bilera egin zuen herritarrekin, horien proposamenak jasotzeko, eta datozen asteetan ere herritarrekin elkartzeko asmoa du. «Zerbitzuaren nondik norakoak herritarrekin adostu, lizitaziora atera eta zerbitzua ahal bezain pronto jarriko dugu martxan», esan du. Musika Eskola eta herriko beste hainbat musika talde Elkargunean biltu eta musika gunea sortzeko proiektua ere izan du hizpide udal gobernuak. Azaldu du atzo esleitu zuela proiektua, eta datozen egunetan arkitektoa taldeekin elkartzekoa da, haien beharrak jaso eta behin betiko proiektua zehazteko. Obrak 2014ko aurrekontuak onartu bezain pronto esleituko dituela agindu du, eta «ezustekorik izan ezean» hurrengo urte amaierako gunea irekitzea aurreikusten du. Herritarrek egindako beste eskaera bat baserri bideak garbitzea izan zen, eta iraila bukatzerako guztiak garbituta zeudela adierazi du. «Udalak erabilera anitzeko makina erosi du, eta hemendik aurrera urtero egingo ditu lan horiek, baliabide eta pertsonal propioekin». Herritarren partaidetzari dagokionez, «urratsak» egin dituelakoan da udal gobernua; besteak beste, hondakinen lan taldea osatu eta uda bitartean hainbat bilera egin zuen herritarrekin, eta han zehaztutako irizpideak onartu zituen udalak. Orain, berriz, bigarren fasea hasiko dute, irizpide horiek betetzeko Azkoitirako «sistema egokiena eta eraginkorrena» zein den eztabaidatzeko. Horrez gain, hondakinen prebentziorako auzokonposta gunea sortu dute, eta Santa Klaran beste bat jartzeko asmoa du. Auzolana sustatzeko, berriz, herritarrek proposamenak egin ditzake, udalak horri buruzko ordenantza onartu eta gero. Adierazi duenez, Uxerreko eta Aittolako guneak txukuntzeko eta Urola ibaiaren bazterrak garbitzeko asmoa du oraingoz. Herritarrek elkarbizitza hobetzeko baliabideak ere eskatu zituela azaldu du, eta horretarako, besteak beste, Ipaka Izarraizpeko Aniztasun Kulturalaren Astea egin, Auzoko programa martxan jarri eta jatorri askotako emakumeak biltzeko Elkargunean gunea sortu dutela nabarmendu du. Euskara ikasteko diru laguntzen sistema ere aldatu egin du, «herritarren proposamenak kontuan hartuta». Ikasturte amaieran eman beharrean, laguntzen %40 ikasturte hasieran emango dute aurrerantzean, eta gainontzekoa bukaeran. Azkenik, ekonomia sustatzeko «ahalegin berezia» egitea eskatu zuten azkoitiarrek, eta gogoratu dute «aldaketa garrantzitsua» egin dutela, Loiola Berrikuntza, Ezagutzea Gunea eta Iraurgi Lantzen batu eta Iraurgi Berritzen sortu dutelako, baliabideak optimizatu eta zerbitzuak hobetzeko. Prozesuari dagokionez, udalak adierazi du aurrerantzean ere bide beretik jarraituko duela. «Herritarren ahalmenean eta euren parte hartzean sinesten dugu». Hala, 2014ko aurrekontuak prestatzeko bigarren prozesua hasiko du datozen egunetan, eta herritarrei dei egin die bertan parte har dezaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide