Bizeten Carmen opera-lan ezaguna ikustezko aukera izango da Azkoitiko Baztartxo antzokian. (Argazkia: Operissima)
Milango La Scala edo New Yorkeko Metropolitan aretoen pare jarrita, Baztartxo antzokiak bere aurre-oihalak altxako ditu opera ikuskizun klasiko bat eskaintzeko. Zamorako Operissima konpainiak Claude Bizeten
Carmen taularatuko du ostiral honetan, 20:30ean hasita. Ekitaldi berezia bezain ezohikoa eskainiko dute. Hain justu ere, operari hiritartasun eta elite kutsua kendu diote, eta Azkoitian ariko dira, ikusi nahi duten herritar orok goza dezan.
Ikuskizuna estreinatu berria da. Duela bi aste antzeztu zuten lehen aldiz, urriaren 23an, Murtzian, eta azaroaren 25a bitartean, 30 emanalditik gora eskainiko dituzte. Azkoitiko saioa Gipuzkoan egingo duten bakarra izango da, gainera. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 25 eurotan, Udalaren Kultura sailean eta Gurea frontoian.
Operissima taldearen ekoizpena bada ere, Bulgariako Rousse Operako orkestrarekin eta abesbatzarekin eta Murtziako Romea antzerki taldearekin elkarlanean prestatutako lana izan da. Nazioarteko 45 musikariez gain, Bizkargi musika eskolako 20 neska-mutilek hartuko dute parte opera ikuskizunean.
Hiru ordutik gora
Frantsesez taularatuko dute, gaztelaniazko azpitituluekin, eta lau zatitan banatuta egongo da. Guztira, hiru ordu eta laurden iraungo du, eta tartean, bigarren zati bukatu ondoren, 20 minutuko atsedenaldia egingo dute. Nayden Todorov-en musika zuzendaritzapean eta Antonio Llamasen eszena zuzendaritzapean, Prosper Mérimée-ren eleberrian oinarrituta istoria aurkeztuko dute, Ludovic Halévy eta Henri Meilhac bikoaren libretoari fidel.
Historiako opera lanik ezagunenetako bat da
Carmen. 1820ko Sevillan girotuta dago, eta maitasuna, pasioa eta jelosiaz beteriko istorio tragikoa du kontagai. Carmen (Belen Elvira) izaera handiko emakume ederra da, eta Don Jose kaboa (Javier Agullo) seduzituko du, kartzelatik ihes egiteko. Dena dela, Carmen Escarnillo (Guillermo Orozco) toreatzailearekin maiteminduko da, eta Don Josek hori jakiten duenean, hil egingo du.