Maxixatzen-ek azaro kulturala antolatu du datozen asteetarako

Ane Olaizola 2013ko aza. 6a, 04:00

Maxixatzenen azaroan, kulturaren abaroan lemapean, Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak azaro kulturala antolatu du, eta datozen egunetan hainbat egitasmo izango da herrian, «kulturak bere abaroa, babesa, gozotasuna eskainiko duelakoan». Lehenengo emanaldia ostiralean izango da, eta Hankautsik poesia eta musika uztartzen duten saioa izango da, 22:00etan, Zurt tabernan. Hurrengo egunean, berriz, bertsolaritza oinarri duen Errimak oinetan dantza emanaldia izango da, 19:30ean, Baztartxo antzokian. Hurrengo astean jarraituko du aste kulturalak, eta Juan Luis Zabala kazetariak eta Iñaki Segurola idazleak euskara batua eta herri hizkeren inguruko mahai-ingurua eskainiko dute hilak 13an, 19:30ean, Elkargunean. Azaroaren 21ean Ane Albizuk baserritar jantzien historia eta aurrera begirako proposamenak plazaratuko ditu hitzaldi tailer baten bidez, 19:00etan, Elkargunean. Azkenik, hilaren 28an Hesiak gainditzen dokumentala eskainiko dute, ordu eta leku berean. Saioetako sarrerak eskuratzeko zozketak egingo dituzte antolatzaileek; Errimak oinetan ikuskizunerako, esaterako, bost sarrera bikoitz zozkatuko dituzte. Izena www.maxixatzen.com helbidean eman daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide