"Gaurko begiekin begiratuta eginiko memoria ariketa izan da"

Aritz Mutiozabal 2013ko urriaren 30a

(Argazkia: Baxi Ubeda) Bebarruko Jardunen barruan, Bide Ertzean hirukoak bere lanik berriena aurkeztuko du bihar gauean Matadeixen, 23:00etatik aurrera. Bederatzigarren diskoa eman dute argitara, eta 77 izenburua jarri diote, joan den mendeko urte jakin horri erreferentzia eginez. Imanol Ubeda (Tolosa, 1973) abeslariak eta gitarristak nabarmendu duenez, garai horren inguruan hausnartu nahi izan dute abestien bidez. 1977a urte esanguratsua izan  munduarentzat, baina batez ere Euskal Herriarentzat. Kanta hauen bitartez atzera begirako bidaia egin dugu. Interesa piztu digu 1977ko urteak, eta garaiari buruz irakurri dugu, hemeroteka lana eginez. Benetan oso une garrantzitsua izan zela jabetu gara. Franco hil berritan askatasun eta berdintasun behar izugarria zegoen hemen, eta belaunaldi horrek garai oso bizia eta gogorra bizi izan zuen; izan ere, Francoren ondorengoengandik errepresio handi zegoen, eta 40 urteko gau beltzaren ondoren, askatasun egarri zegoen. Trantsizio garaira zuzendu duzue begirada, etxeko drama abiapuntu hartuta. Memoria ariketa izan al da? Bada memoria ariketa, guri jakin-mina piztu digulako. Jakin bagenekien osaba galdu genuela, hil egin zutela polizia kontrol batean, eta urtero gogoratzen dugula familiak. Baina ez genuen behar bezala ezagutzen garai hura, ezta zer garrantzitsua izan zen ere. Are gutxiago zer eragin izan zuten Sebas Goikoetxea (ubedatarren osaba) eta Nikolas Mendizabal Zaharra-ren hilketek. Amnistiaren aldarria ikaragarria zen Euskal Herrian, eta Sebas eta Zaharraren hilketekin bake giroan zeuden kale horiek borrokaleku bilakatu ziren. Baina osabaren gertakariaz aparte, orokorrean urte hura ezagutzeko bidea eman digu disko honek. Alde horretatik, memoria ariketa pertsonala izan da, baina ez nostalgikoa, baizik eta gaurko begietatik begiratutakoa. Gaur egungo egoerarekin antzekotasuna duelako aukeratu al duzue sasoi hori? Nik uste dut ezin direla parekatu. Sozialki eta politikoki beste garai bat zen hura, eta guk egun bizi duguna guztiz bestelakoa da. Akaso,  1977an bezala, gaur egun ere une historiko eta garrantzitsua bizi dugula uste dugu, eta horretan egon daiteke antzekotasuna. Honakoa ez da atzera begira jartzen zareten lehen aldia;  Non Dira diskoan 36ko gerra izan zenuten hizpide. Ildo beretik, 77-rekin ere disko kontzeptual bat egiten saiatu al zarete? Kontzeptuala izango da, baina nire ustez gehiago da tematikoa. Gai bat hartu dugulako, eta ez horrenbeste kontzeptu bat. Ez da aberriari buruzkoa, baizik eta garai hari buruzko hausnarketa. Non dira ere 36ko gerrari buruzko hausnarketa egin genuen kanten bidez. Gainera, gu ez gatoz liburuak ordezkatzera, ezta historia irakasleen papera betetzera ere. Guk kantak egiten ditugu, eta kanta hauen bidez norbaiti garai hartaz gehiago jakiteko interesa pizten bazaio, gu pozarren. Arreba Garbiñe Ubeda kazetariarekin eta Koldo Izagirre idazlearekin batera osatu duzue proiektua. Elkarlan hori nola islatu duzue? Abestiei disko forma ematen hasi ginenean, orain bi urte inguru, bazuela hari bat konturatu ginen, eta hari horri tiraka zerbait egin zitekeela. Une horretan, Garbiñek Argia aldizkariaren blogean gure diskoan jaso dugun testua idatzi zuen. Idatzi horrek oso ongi islatzen du guk etxe barruan nola bizi izan genuen osabaren galera. Askotan oso zaila da hori abesti batean plasmatzea, eta arrebaren idatzia irakurri genuenean, berehala ikusi genuen osagarri moduan diskoan barneratu behar genuela. Maila pertsonalean garai hark gugan izandako eraginarekin lotzen genuen horrela. Be­hin diskoa bukatu eta liburuskarekin lanean hasi ginenean, konturatu ginen gu bezalako jendeak edo gure jarraitzaile izan daitezken horiek 1977ko erreferentzia handirik ez duela jaso. Gure abestiak ebokazioak dira, eta ez orduko kronikak. Gabezia horren aurrean, Koldo Izagirrerengana jotzea pentsatu genuen, sasoi hura islatzeko.  Hori horrela, Izagirrek garai hura kokatu eta testuinguru historiko jakin horretan sakontzen du. Elkar osagarriak dira bi testuak, eta horiek gabe ez dugu disko hau ulertzen. Kantak bezain inportanteak dira guretzat. Hirukote formatura itzuli zarete, eta soinu gardenak zikintasuna eta distortsioagatik ordezkatu. Taldea berritzeko beharra sentitzen al zenuten? Hastapenetara itzultzeko gogoa, beharbada? Askotan gauzak uste baino xaloagoak izaten dira. Agian, behar genuen hasieran bezala hiru izan, baina Don Inorrez diskoaren biraren ondoren ez geneukan garbi zer egin nahi genuen. Oso bira bizia izan zen, eta atsedena hartu eta aurrerantzean zer egin pentsatu beharra geneukan. Bira bukatu eta handi bi hilabetera, ordea, entsegu-lokalera joan ginen Karlos Aranzegi, anaia Joni eta hiruok, eta Deabruak Teilatuetan taldean erabiltzen nuen ekipamenduarekin jotzen hasi nintzen. Hortik argi izpi bat ikusi genuen: oinarri-oinarrizko zerbait zen, baina funtzionatu zezakeela iruditu zitzaigun. Anaiak aspalditik komentatzen zidan hiruko formatuan zerbait egin behar genuela, baina nik ez nuen ikusten. Entseiatzen joan ahala, modu elektriko horretan funtzionatzen zuela eta asetzen gintuela konturatu ginen. Duela urte batzuk ez ginen eroso sentituko formatu horretan, baina orain, aitzitik, bai. Ekoizle aldaketak eraginik iza al du emaitza horretan? Aldaketa guztiek dute eragina, eta aldaketa guztiak dira beste gauza batzuen pizgarri, onerako zein txarrerako. Hirukote gisa lan hau lantzen hasi ginenean, eta hirukote gisa grabatzea erabaki genuenean, aldaketekin jarraitu eta orain arteko soinu-teknikariarekin grabatu beharrean, beste batengana jotzea erabaki genuen. Karlosek Suso Saizekin lana egina zuen, eta berekin harremanetan jarri eta lokalera gonbidatu genuen. Falta genuen konfiantza eman zigun, zalantza batean baikeunden oraindik. Zerbait txukuna egin genezakeela esan zigun, eta guretzako behar genuen bultzada izan zen. Bere ekarpena batez ere soinukeran izan da. Beste eremu batzuetara eraman gaitu, eta, nolabait esateko, hori zen bilatzen genuena. Haize berri bat  behar zenutela, hain zuzen ere. Musika dinamika da, eta inertzietan sartuta egon zaitezke, kantu ederrak eginez berdin-berdin. Baina batzuetan aldaketak beharrezkoak dira, arnas berriak hartu, abestiak biziberritzeko. Azken finean, erronka honek kinka batean jarri gaitu hiru kideok. Ohiturak alde batera utzi ditugu, eta ezagutzen ez genuen ekoizle baten eskuetan jarri gara. Horrek zure burua gehiago estutzera eramaten zaitu, eta disko hau horren emaitza da. Oraindik goiz da erantzuna zein den jakiteko, baina badirudi jendeari gustatzen ari zaiola. Taldekideok, behintzat, uste dugu egindako apustu honekin asmatu egin dugula. Buruan geneukan diskoa egin ahal izan dugu, eta asmatu dugunaren sentipena edukitzea handia da taldearentzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide