Zuzeneko irratsaioa egin zuten larunbatean plazatik (Argazkia: Kontrako Eztarrixe)
Kontrako Eztarrixek zuzeneko bidea hartu duela dirudi. Azkoitiko irrati libreak produkzio propioa areagotu du, eta askotariko edukiz osatutako programazioarekin ekin dio denboraldiari. Berrikuntza askorekin eta indar gehiagorekin hasi du bigarren urtea. «Apustu nagusia izan da irratsaio propioa osatzea. Pixkanaka ari gara horretan, eta aurten behintzat lortu dugu», adierazi du Jon Enatarriagak, Kontrako Eztarrixeko esatarietako batek. Musikak hartuko du zati handi bat denboraldi honetan, eta
Kus-kus doinuak eta
Zurrumurrue irratsaioek beste urte batez jarraituko dute. Berrikuntzen artean, berriz,
Elektro-izkina saioa izango da, eta honek musika elektronikoa izango du protagonista.
Molotov saioan, berriz, musika eta gaurkotasuna jorratuko dute.
Kontrako musikak irratsaioa ere sortzeko asmoa dute. «Larunbatean sortu zen ideia, eta aurrera ateraz gero, interesgarria izango da. Etorkinek euren herrialdeetako musika jarriko dute».
Hankak lurrin orduerdi inguruko magazinean herritarrei egingo dizkiete elkarrizketak, eta atzoko eta gaurko errealitatea izango du hizpide.
Lehengo lepotik burue saioan hiri-tribuak eta askotariko modak landuko dituzte. Programazioa bailarako kultur agendarekin osatuko dute.
Uhinak hedatzen
Herriko gazte talde batek duela urtebete jarri zuen martxan Azkoitiko irrati librea, eta ordutik kide berriak batu dira taldera. Egun, 15 lagun inguru aritzen dira horretan, eta pixkanaka beste herrietara ere hedatu dituzte 94.2 emisorako uhinak. Izan ere, Arrosa irrati libreen sarearen bidez Euskal Herriko irrati libreetako saioak partekatzen dituzte, eta horien bidez Gasteizen, Ondarroan, Begaran... entzun ahal izan dira herriko estarien ahotsak. «Beste irratietan norberaren irratsaioa entzuteak aurrera jarraitzeko bultzada ematen du».
Gustura daude orain arte jaso duten erantzunarekin. «Jakitun gara pausoak pixkanaka ari garela ematen. Beraz, erantzuna ere hala etorriko da». Dena den, Laida Beristain azkoitiarrak orain gutxi irrati librearen inguruan egin duen dokumentalak herrian gehiago zabaltzen lagundu diela nabarmendu dute.
Orain arteko ibilbidearen balorazio baikorra egin dute kideek. «Arlo teknikoan dezente ikasi dugu, oraindik akats batzuk egiten ditugun arren. Zentzu horretan, FMko alderdi teknikoak konpontzeko irtenbide bila ari gara. Gainontzeko irrati libreekin elkarbanatzea ere oso esperientzia aberasgarria da». Hain zuzen, aurtengo asmoak orain arteko zailtasun teknikoei aurre egitea eta irratia hedatzen joatea direla adierazi dute.
Denboraldi hasierako jaia
Denboraldi hasiera ospatzeko festa eguna izan zuten joan zen larunbatean. Besteak beste, zuzeneko emisioa egin zuten kideek plazan, hedabidea herrian ezagutzera emateko. Izan ere, taldeak nabarmendu du herritar guztiei zabalik dagoela irratia, eta Azkoitikoa nahiz gainontzeko irrati libreak entzutera animatu dituzte.