Xabier Muniberen eraikin berria egitea baimendu du Jaurlaritzak

Ane Olaizola 2013ko urriaren 23a

Azken urteetan protesta ugari egin dituzte ikastetxekoek. Irudian, DBHko ikasleak eskolak kalean jasotzen, leku falta salatzeko, 2010ean (Ane Olaizola/Hitza) Eusko Jaurlaritzak Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako eraikin berria egiteko baimena eman du. Gobernu Kontseiluak atzo onartu zuen eraikin berria egitea, bilkuran. «Bigarren Hezkuntzako Institutuko ikasleentzat» izango da eraikin berria, eta Josu Erkoreka bozeramaileak atzo prentsaurrekoan argitu zuenez, 7,6 milioi euroko kostua izango du eraikinak. Jesus Zelaia Xabier Munibe Ikastolako DBHko zuzendaria  ezustean hartu du berriak. UROLA KOSTAKO HITZA-ren bidez jakin zuen atzo berria, baina egunkari honi adierazi dionez, «pozteko moduko albistea» da. «Aspalditik geunden baimen honen zain. Beti esan izan digute prozesu osoa ondo zihoala, baina ikusi dugu egunez egun atzeratzen joan dela, eta gaurko [atzo] eguna iritsi arte ez gara egon lasai, egun batetik bestera esan zezaketelako ez dutela dirurik eraikin berria egiteko». Orain, behintzat, ikastetxe berria egiteko, eta, beraz, aspaldiko arazoari aurre egiteko moduko irtenbidea izango duten bermea dute. «Pauso guztiak emanda zeuden. Hauxe falta zen», berretsi du zuzendariak. Jaurlaritzak adierazi duenez, Azkoitiko proiektua «lehentasuna» izan da gobernuarentzat. «Egoera zuzendu beharra» eta «eraikin berria egiteko premia» zegoela adierazi dute. Jaurlaritzak proiektua adjudikatzeko baldintzak onartuta ditu, eta Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratzean hasiko dute proposamenak aurkezteko prozedura. Honen arabera, «guztia ondo joanez gero» 2014ko erdiraldera esleituko lituzkete obrak, eta hasiera batean, 18 hilabete izango lituzkete eraikina egiteko. Dena den, nabarmendu dute baldintza askok eragin dezaketela prozesuan. «Inongo arazorik» ez badago, ordea, 2015eko Gabonetarako eraikina erabiltzeko moduan izatea aurreikusten dute. «Horrela segitzea, ezinezkoa» Azkoitiko Juin poligonoan eraikiko dute ikastetxea, eta Zelaiak jakin badaki hori izango dela egungo arazoari aurre egiteko bidea.  «Ezinezkoa da horrela jarraitzea. Azkenean, elkarbizitzari berari eragiten dio arazo honek». Azken urteetan ikasle kopurua nabarmen igo da ikastetxean, eta txiki geratu da egungo eraikina. Horren aurrean, DBHko ikasle askok Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastola BHIko eraikinean ikasten dute egun; sakabanatuta dituzte hango ikasleak, eta aurten hiru lekutan banatuta ari dira igarotzen kurtsoa. Lehenengo mailakoak Xabier Munibeko eraikinean egongo dira, eta gainontzekoek Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastola BHIko metaleko eta egurreko ikasketak eskaintzen dituzten eraikinen sotoetan egingo dituzte ikasketak. Ikasle, irakasle eta gurasoek azken urteetan ozen ohartarazi izan dute eraikin berria «beharrezkoa» zutela, egun leku faltak eragiten dizkien arazoengatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide