Def Con Dos taldeko kideak
España es idiota izenburua jarri diote Def Con Dos madrildarrek beren lan berriari, eta larunbatean Azkoitiko plazan aurkeztuko dute zuzenean, 23:00etatik aurrera. UROLA KOSTAKO HITZA-k taldeko abeslari Cesar Strawberryrekin hitz egiteko aukera izan du.
Hori da hori izenburua. Askori begiak okertuko zitzaizkion, ezta?
Ez horrenbeste. Hala ere, jendearen egunerokoan eta egoera gordinean argi geratzen ari da motz geratu garela adjektibo horrekin.
Puedes entenderlo o no / pero es asi / no quiero ser de aqui. Sorterriaz lotsagorritzen al zarete?
Zure herrialdetzat jotzen duzun hori izatez kartzela handi bat dela konturatzen zara. Espainia kontzeptua inoiz ez da ongi ezkondu askatsuna, justizia eta demokrazia terminoekin.
Hori horrela, zirkuak ezin txarragoa izaten jarraitzen al du?
Tristea da, baina
Poco pan abestian esaten genuen bezala, zirkuak txarra izaten jarraitzen. Egun idatzia dirudien arren, 1994koa da. Rap-metaleko musika taldea sortu beharrean, igarleen 902 zenbakidun telefono bat abian jarri izan bagenu, gaur egun Bahametan erretiratuta egongo ginateke zoriontsu-zoriontsu.
El cazador de elefantes-en diozuen bezala, ehiztariak dio asko sentitzen duela, eta ez dela berriro gertatuko.
Hori da guztiok esan nahiko geniokena banketxeari, hipoteka baliogabetzeko. Baina gauzek ez dute modu berean funtzionatzen, ez behintzat, armada bateko goi jenerala bazara.
Monarkia, bankuak, politikoak, erlijioa... Ez duzue inor ere tente uzten?
Burua bere tokian minutu batez ere edukitzen uzten ez digutenak horien guztien bidegabekeriak eta gehiegikeriak dira.
Disko berriak Alzheimer eta Ultramenia lanen kutsua du. 1990eko hamarkadako zuen garaia dakar gogora. Bilatutakoa izan al da?
Aurrez pentsatutakoa izan da erabat. Garai hartako soinua berreskuratu nahi izan dugu, baita gugan eragina izan zuten eta egun ere inspiratzen gaituzten musika talde handi haiek ere. 1990eko hamarkadan estilo askotako talde ikaragarriak ugaritu ziren, eta ezin dezakegu alderatu inolaz ere 2000. urtetik aurrera sortu denarekin.
España es idiota lanerako Def Con Dos-en alderdirik punk-rap-metaleneranzko norabidea hartu dugu.
20 urte baino gehiago daramazue kaskarkeriari aurre egiten. Inoiz baino ahobizar gutxiagorekin itzuli al zarete orain?
Musika talde guztiak arrakastara egokitzen direla diote, beren jatorriei traizioa eginez. Guk, ordea, beti egin dugu ihes klixe horretatik. Predikatzen dugunarekin kontsekuente izateak obsesionatzen gaitu.
Izan al duzue inoiz zentsuraren atzaparra bizkar gainean?
Izan dugun zentsura eraginkorrena gutaz ez hitz egitea izan da. Ez diote oihartzunik ematen egiten duzunari, eta badirudi egiten ari zarenaren erdia egiten ari zarela. Edonola ere, horrek jada ez gaitu kezkatzen. Gure kasara joatea lortu dugu, eta interesa pizten diogun jendea egiten dugun guztiaren berri edukitzen.
Eta noiz iritsiko da Garaipena (Jon Maiak Victoria abestia euskaratu zien Ultramemia diskorako)?
Ederrena ez da garaipena bere horretan, baizik eta lortzeko urratu behar duzun bidea.
Beti izan zarete ongietorriak Euskal Herrira. Orain Azkoitian joko duzue. Gogotsu al zaudete?
Gure lehenengotariko kontzertua Azkoitian izan zen, 1994an, eta, egia esan, esker ona besterik ez dugu herriarentzat, eta, oro har, Euskal Herriarentzat. Gure ametsik onenetan ere ez genuen uste 20 urte geroago plaza berera itzuliko ginenik.