Ia hiru hamarkada eta gero, Azkoitiko Porrukalen jaiak ospatuko dituzte

Ane Olaizola 2013ko urr. 17a, 04:00

Plazatik gora doan Kale Nagusiaren zatia da Porrukalea (Ane Olaizola/Hitza) Egitaraua Urriak 18, ostirala
  • 19:00. Txupinazoa.
  • Gero. Txikiteoa (pintxo-poteoa). Laja II eta Poxpi trikitilariekin.
  • 22:00. Erromeria, Laja II eta Poxpi trikitilariekin.
Urriak 19, larunbata
  • 12:00. Triki-poteoa Azkoitiko trikitilariekin.
  • 16:00. Umeentzako jolasak: sokatira, lokotx bilketa, zaku karrerak... Puzgarriak egongo dira.
  • 19:00. Kalejira Azkoitiko trikitilariekin.
  • 23:00. Moonlight Melodies taldearen kontzertua.
Urriak 20, igandea
  • 11:00. Meza nagusia parrokian, kaleko hildako guztien omenez.
  • 12:00. Kalejira Azkoitiko txarangarekin.
  • 13:00. Azkoitiko txarangarekin pot-pourri musika sorta eskainiko dute.
  • 15:00. Bazkaria Azkoitiko Jubilatu Elkartean, kaleko biztanleentzat eta laguntzat.
Azkoitiko plazatik gora doan kalea da Porrukalea, askorentzat ezezaguna bada ere. Eta aspaldiko urteetan ikusi ez den irudia ikusi ahalko da Kale Nagusiko zatian asteburuan, ia 30 urte eta gero hango jaiak ospatuko baitituzte. Olaberri tabernako Igon Etxaniz Axen-ek izan du ekimena antolatzeko ideia, festak berreskuratu eta kaleari bizia emateko asmoz. «Duela urte asko ere antolatzen genituen hemengo jaiak, baina azkenean garesti irteten zirela-eta desagertu egin ziren. Orain, berriro berotu naiz, eta herriko giroa sustatzeko jaiak berreskuratzea ideia polita izango zela pentsatu nuen», dio Etxanizek. Tabernariaren ideia izan da, baina festak antolatzerako orduan askoren laguntza jaso duela nabarmendu du. «Ondoko gazteen lokalekoek ere gustura hartu dute berria, eta horiek asko ari zaizkit laguntzen. Egia esan, laguntzeko eskatu diedan guztiek baiezkoa eman didate, eta esker oneko nago, neuk bakarrik ezingo nukeelako hau aurrera atera». Bihar hasiko dira festak, eta musikarik ez da faltako hiru egunetan. Herriko musika taldeek, txarangek eta trikitilariek eskainiko dituzte saioak. «Festa hauen bidez erakutsi nahi dut ekintza handirik antolatu gabe giro polita sor daitekeela herrian». Musikaz gain, bestelako ekimenak ere izango dira. Hala nola, igandean bazkaria egingo dute, eta bertaratzen direnek paella, oilaskoa eta postrea izango dute hamabost eurotan. Txartelak dagoeneko salgai daude Etxeza haragitegian, Ali harategian, Presalde gozotegian, eta K5 eta Olaberri tabernetan. Aurrera jarraitzeko asmoa Festa berreskuratzeaz gain, kalearen izena ere berreskuratuko dute egitasmoaren bidez. «Herritarrek orain ezagutu dute zein den Porrukalea». Antolatzaileek gainontzeko kaleetako biztanleak ere animatu dituzte auzo eta kaleetako festak antolatzera. Porrukalekoen kasuan, aurreratu du datozen urteetan ere antolatuko dituztela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide