Askotariko arte diziplinak Azkoitian, Musika Eskolaren Sormen eta Espresio Tailerrak

Ane Olaizola 2013ko urriaren 16a

Nerea Goikoetxeak eskainiko ditu saioak. Bizkargi Dantza eta Musika Eskolak egitasmo berria jarriko du martxan. Sormen eta Espresio Tailerra abiatuko du lehenengo aldiz, herritarrek musika hizkuntza ikasi baino, modu ludiko batetan, musikaren alderdi  terapeutikoa landu dezaten. Musika ardatz hartuta, askotariko arte diziplinak batuko dituzte bertan; hala nola, dantza eta mugimendua, antzerkia eta musikoterapia. Nerea Goikoetxea izango da irakaslea, eta ikastaroan parte hartu nahi duenak bihar bitartean eman dezake izena, musika eskolan. Ostiralean bertan hasteko asmoa dute, eta abendura arte iraungo du. Hasiera batean, 40 eta 55 urte bitartekoek hartu ahalko dute parte saioetan. Baina zortzi urtetik gorako interesa duen edonork eman dezake izena, aurrerago talde gehiago osatu ahal izateko. Musika Eskolen «ohiko pautetatik harago» eskainiko dute ikastaroa. «Zero eta hiru urte bitartekoentzako musika goiztiarra eskaintzen dugu. Umeek musika tailerra egiten dute gero, eta handik musika tresnak ikastera bideratzen dituzte. Hori da musika eskolek duten sistema. Baina badago jende asko ez duena musika tresnarik jotzen ikasi nahi. Musikaz gozatu eta bizi besterik ez dute nahi, ikasketetara bideratu gabe», adierazi du Goikoetxeak. Hortik abiatuta sortu dute egitasmoa. Gainera, urritasunen edo gaixotasunen bat dutenekin ere taldea osatuko dute. Ikasleek «formakuntza tradizionaletik» at jasoko dituzte eskolak. Besteak beste, dantzak, ahotsa, gorputz perkusioa, antzerkia... landuko dituzte. «Garapen pertsonaleko tekniken inguruko masterra dut egina, eta horren guztiaren konbinazioa izango da tailerra». Izan ere, honen arabera, sormena lantzen ikasi egiten da, eta horretarako aukera emango dute. Goikoetxearen esanetan, adinaren arabera saioak ere desberdinak izango dira, baina guztiek sortzea izango dute ardatz. «Musika, oro har, imitaziotik bizi da egun. Partiturak jotzen ditugu, eta ez dago espaziorik norberak sormena lantzeko. Kasu honetan, ordea, horixe izango da jorratuko duguna». Nerabeek, besteak beste, askotariko musika estiloekin mugimendua landuko dute. «Munduko musikak entzun, eta mugimenduak sortuko ditugu», azaldu du Goikoetxeak. Barrukoa adierazteko «askatasun osoa» izango duten gunea izango dela gaineratu du. «Musikak ematen diena adieraziko dute parte hartzaileek, eta hala musika preziatzen ikasiko dute». Pauso «ausarta» dela deritzo, eta egitasmoarekin «apustu sendoa» egingo dutela nabarmendu. Izan ere, inguruan ez da eskaintzen gisa horretako ikastarorik. «Tailerra guztiz berria da, baina uste dugu musika eskolek etorkizunean norabide hori hartu beharko dutela. Batzuk nahi dute musika tradizionala egin, baina badaude beste modu batera musikaz gozatu nahi dutenak ere. Guztiek izan beharko lukete aukera». Egitasmo «berritzailea» Sormen tailerraz gain, musika goiztiarraren eta musikoterapiaren inguruko tailerrak ere eskaintzen ditu Goikoetxeak. Horiek izandako «arrakastaren» ondotik abiatuko dute egitasmoa. Irakaslearen arabera, martxan jarriko duten tailerrarekin lotura zuzena dute horiek. «Musika norberari iristen zaio, baina helburua ez da ikastea. Bakoitzak bere mailan goza dezake musikaz». Azkoitiko San Jose egoitzarekin ere hitzarmena sinatu dute, eta horren bidez proba pilotua jarri dute abian aurten. Hango zenbait egoiliar astero musika eskolara joaten da, musikoterapiaz gozatzera. «Etortzen direnean barre egiten dute, eta hori oso garrantzitsua eta aberasgarria da guztiontzat».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide