Azkoitiko Floreaga ikastetxeko ikasleek hondakinen gaiari eutsiko diote Zero Zabor eskolen bidez. Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek dinamizatuko dituzte saioak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Kristau Eskolakekin eta Ikastolen Elkartearekin sinatutako hitzarmenaren barruan.
Ikasleek hiru tailer jasoko dituzte guztira; lehenengoak, Zero Zabor Hamaiketakoa-k, hondakinen kudeaketa izango du aztergai; «prebentziorako gako diren hiru b-ak landuko dituzte: beheratu, berrerabili eta birziklatu». Ondoren, laugarren b-arekin egingo dute bat: «Birpentsatu, eguneroko bizitzan hondakin gutxiago nola sor daitezkeen proposatuko dugu». Bigarren tailerra Hor-konpost! izango da, eta bertan materia organikoa zer den, konpostagailura zer bota behar den eta konpost egokia lortzeko nola zaindu behar den ikasiko dute. Azkenengo saioan aurrekoetan ikasitakoa egunerokotasunean nola ezarri daitekeen landuko dute.
Esan dutenez, metodologia «parte hartzailea» izango dute saiook, eta «lankidetza», «pentsamendu kritikoa» edota «konpromisoa» landuko dute.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide