Kale Nagusia: Merkataritza biziaren leihoa Azkoitiko ideia lehiaketak badu irabazlea. Ana Bastidak eta Atabe taldeak aurkeztutako
Herria bizirik, herrian erosiz proiektua garatuko dute datozen hilabeteetan herrian dauden hamar lokal hutsetan. «Ideiaren sortzailea ni banaiz ere, lan talde handi baten emaitza izango da garatuko dugun proiektua», nabarmendu du azpeitiarrak.
Bastida, atzean Alameda taberna zena atzean duela (Argazkia: Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Udaleko Merkataritza Sailak antolatutako lehiaketak «herrigunea txukundu, balorean jarri eta merkataritza sustatzea» du helburu. «Egitasmo honekin Alde Zaharrari duintasuna eta bizitasuna eman nahi diogu, eta udalaren asmoa da aurrerantzean ere horrelako ekintzak bultzatzea eta merkataritza eta turismoa uztartuz Azkoitia erakargarriagoa egitea», adierazi du Jesus Oteiza Merkataritza zinegotziak.
Sei lan aurkeztu dira lehiaketara, eta horien balorazioa egiterako orduan hainbat irizpide jarraitu du epaimahaiak; hala nola, ulergarria, erakargarria eta originala izatea, lanaren kalitate artistikoa eta teknikoa, edota erakusleihoek ematen duten mezua izan dituzte kontuan. Bastidaren lana aukeratu du taldeak, irizpide horiek «oso egoki» bete dituelako. «Merkataritzari bultzada emateko mezuak oso argi azaldu ditu. Diseinuan udaleko logotipoa eta lokalak alokairuan edo salgai dauden eta horien kontaktuen erreferentzia argiak ere eman ditu».
Merkatari txikiei bultzada
Herriko saltoki txikiak sustatzeko, hamar lokal apainduko ditu Bastidak azaroaren amaierarako.
Herria bizirik, herrian erosiz lelo orokorraren baitan hamar arrazoi plazaratuko ditu azkoitiarrek herrian kontsumi dezaten, lokal bakoitzean bat. Lemarekin batera, gainera, hutsik dauden saltokiek irekita zeudeneko jarduera gogoratu, eta bakoitzari zegokion hiru dimentsiotako irudi estanpatua jarriko du, «ahalik eta modurik errealenean». Horrez gain, informazio praktikoa ere emango dute, eta lokala salgai edo errentan dagoen eta horretarako telefonoa adieraziko dute. Talde irabazleak azaroaren 30rako, San Andres egunerako, apainduko ditu lokalak.
Hasierako helburuekin bat eginda, itxita dauden saltokiek «bizia» hartu dutela irudikatzea izan da irabazlearen asmoa. «Ikusi dugu hainbat saltoki itxi dutela azken urteetan, eta lan honen bidez herrian erostearen garrantzia nabarmendu nahi dut, herritarrek kontzientzia izan dezaten. Etxetik dakit merkatari txikiek zer egoeretan lan egin behar izaten duten, eta horrek asko balio izan dit lana egiterako orduan».
Lanak, sanandresetarako
Oteizak, bere aldetik, lehiaketaren prozesua ekarri du gogora. Ekimena aurrera eramateko lokalen jabeekin harremanetan jarri eta horien baimena lortzea izan zutela lehen lana gogoratu du. «Benetan eskertzen diegu lokal jabeei, lokalak utzi eta konfiantza eman digutelako». Uztailean argitaratu zituzten lehiaketaren oinarriak, eta herritarrek irailaren erdira arte izan
zuten lehiaketara aurkezteko aukera. «Partaideen eta herritarren aldetik oso harrera ona izan du lehiaketak», azaldu dute. Sei proiektu aurkeztu ditzute lehiaketara, eta «oso onak» direla nabarmendu dute. «Erabakia hartzerako orduan nahikoa buruhauste izan ditu epaimahaiak».