Iñaki egurra mozten (Argazkia: Pello Eizagirre)
Azkoitiko Jauregi baserrian prest dute txabola txikia lotarako. Koltxoia lurrean jarri, eta hainbat astetan han igaroko dituzte gauak Iñaki eta Pello Eizagirre osaba-ilobek, azken hilabetetan egindako lan gogorra gauetik egunera honda ez dadin. Ondoan izango dute euren eskuekin egin duten txondorra, erre-egosten den bitartean gertutik zainduko dutena. «Txandaka ari gara zaintzen osaba eta biok, hiru hilabetetako lana bost minututan zapuz daitekeelako».
Antzinako lanbideak gogora ekarri nahi izan dituzte Pellok eta Iñakik, osabak gaztetxoa zeneko oroitzapenetatik abiatuta. Biak ala biak egunez egun aritu dira lanean, txondorra behar bezala egiteko. Eta lortu dute. Amaituta dute jada.
«Osabak ilusioa zuen txondorra egiteko», dio Pellok. «Iloba sasoiko dago, eta ni, berriz, denbora pasatu ezinik nabil», gaineratu du osabak. Iñakik 82 urte egingo ditu laster, baina sasoiko dagoela erakutsi du honek ere, «lan gogorra» baita txondorra egitea. «Gaztetxo bat bezala ibiltzen da lanean, ez dago bera jarraitzerik».
Iñaki, txondorra egiten. (Argazkia: Pello Eizagirre)
Aintzinako usadioei jarraituz, abuztuko hilberriarekin batera hasi ziren osaba eta hiloba pagoa mozten. «Egurrarentzat hori izaten da erretzeko garairik onena». 20 tona egun behar izan dituzte prozesu guztia egiteko. Bildutako egurrarekin su etxea egin dute lehendabizi, eta parez pare jarri dituzte egurrik lodienak, tenperaturarik handiena han inguruan egongo baita. Garoa eta erabilitako lurrarekin estali dute guztia.
Orain azarora arte itxarongo dute, orduan baitira erretzekoak txondorra. Prozesu horretan adi zaindu beharko dute egun eta, batez ere, gauez. Izan ere, suak izugarrizko indarra hartzen du barruan, eta hori zaintzeko eta egurra ondo erre-egos dadin arnasbideak egin beharko dituzte. «Arnasbideak egiten ez badira, lehertzeko arriskua izaten da. Gainera igo behar izaten da askotan, eta barruak tenperatua handia izaten du. Barrura erortzeko arriskua ere badago. Beraz, adi ibili beharrekoa da».
Pello eta Iñaki Eizagirre, ondoan txondorra dutela. (Ane Olaizola/Hitza)
Gaztetako oroitzapenak
Iñakik ondo gogoan du mutil koskorra zela Izarraitz aldean txondor ugari egiten zirela. «Han egoten nintzen bati begira eta besteari laguntzen». Azken txondorrak duela 70 urte egin zirela gogoratzen du. «Batez ere Aittola inguruan egiten zituzten. Bertakoak gutxi, baina Nafarroako baso-mutilak asko ibiltzen ziren inguruan». Azaldu duenez, batzuk egurra mozten ibiltzen ziren, eta atzetik joaten ziren txondorra zaintzen zutenak. Osabak gogoan du gizon bat batera eta bestera ibiltzen zela horretan, eta bidoi batean sartuta egiten zuela lo. Tabakoa preziatua ahora eramateko aukera ere izaten zuten askok.
«Txondorra erre ondoren tabakoa landatzen zuten, lur hori oso aberatsa zelako. Tabako eskasia zegoen orduan, eta ikaragarri eskertzen zen halakoetan. Geuk ere hostoak hartu eta erretzen genituen». Oro har, ordea, ateratako ikatza inguruko tailerretan saltzen zuten. Hori zuten diru iturria baserritar askok.
Gaztetan ikusiz eta galdetuz ikasi zuen txondorra egiten Iñakik, baina duela zortzi urtera arte ez zuen inoiz egin. «Txondorra hasi eta bukatzen lehenengo aldiz orduan ikusi nuen». Orduan ere erakusgarri gisa egin zuten osabak eta ilobak, eta ikusmin handia piztu zuen txondorrak.