Ingurumen Hamabostaldia egingo dute Azkoitian

Ane Olaizola 2013ko urriaren 1a

Ingurumen Hamabostaldiko antolatzaileak, atzo, aurkezpenean (Ane Olaizola/Hitza) Urriak 1, asteartea
  • 17:30-19:00. Landareak zaintzen ekimena, zortzi eta hamabi urte bitarteko umeentzat, Abarketatxo ludotekan.
Urriak 2, asteazkena
  • 17:30-19:00. Hosto bilketa, lau eta zazpi urte bitarteko umeentzat, Abarketatxo ludotekan.
Urriak 3, osteguna
  • 17:30-19:00. Jostailuak konponduz, berrerabili ekimena, zortzi eta 12 urte bitarteko umeentzat, Abarketatxo ludotekan.
  • 17:30-19:00. Ingurumenari buruzko hausnarketa gunea, 13 eta 17 urte bitarteko gazteentzat, Artxamendi Gazte Topalekuak antolatuta.
Urriak 4, ostirala
  • 17:30-19:00. Pin-arte eskulana, lau eta zortzi urte bitarteko umeentzat, Abarketatxo ludotekan.
  • 18:30. Gure sinismen eta pentsamenduak bizitzan daukan eragina. Berreskuratu zure ahalmena hitzaldia, Ricardo Arriola eta Silvana Huegunen eskutik, kultur etxean. Oreka Bioelkarteak antolatuta.
Urriak 5, larunbata
  • 10:00. Bizikleta martxa, liburutegitik. Ondoren jolasak eta hamaiketakoa plazan, Etxaniz autoeskolaren laguntzarekin.
  • 10:30. Bigarren eskuko azoka, plazan, Azkoitiko Zero Zabor taldeak antolatuta.
  • 11:00-14:00. Zuhaitzak bizirik taldearen aurkezpena, plazan.
Urriak 8, asteartea
  • 17:30-19:00. Txakurren gorotzen aurkako kanpaina, zortzi eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta, Abarketatxo ludotekan.
  • 18:30. Elikadura burujabetzaren bidean, iparraldeko erosleen sarea hitzaldia, Elkargunean, Baratza Dantzan kontsumo taldeak antolatuta.
Urriak 9, asteazkena
  • 17:30-19:00. Mugikortasuna eta ingurumenaren gaiarekin lotutako jolasak, Abarketatxo ludotekan.
Urriak 10, osteguna
  • 17:30-19:00. Mugikortasuna eta ingurumena gaiekin lotutako jolasak, Abarketatxo ludotekan.
  • 17:30-19:00. Herria aztertuz jardunaldia, 13 eta 17 urte bitarteko gazteentzat, Artxamendi Gazte topalekuak antolatuta.
  • 18:00-20:00. Bizi energia zure elikaduran sukaldaritza ikastaroa, Silvana Huegunen eskutik. Oreka bioelkarteak antolatuta. Egunak: urriaren 10a, 17a eta 24a, Oreka bioelkartean. Ikastaroan izena emateko interesa dutenentzat telefonoa: 943-02 62 31.
Urriak 13, igandea
  • Deba eta Zumaia arteko flysch gunea ezagutzeko ibilaldi gidatua txalupaz, Abarketatxo ludotekak antolatzen duen Familia giroan programaren barruan. Izena urriak 8 baino lehen eman behar da, 943-02 60 27 telefonoan.
Urriaren 4tik 13ra
  • Argazki erakusketa Torre Zurin, Bakartxo Aniz argazkilariaren eskutik.
Ingurumenak duen garrantziaz jabetu, eta eguneroko ohiturak aldarazteko, Ingurugiro Hamabostaldia antolatu dute datozen egunetarako Azkoitian. Udalak, Zero Zabor taldeak, Baratza Dantzan kontsumo taldeak, Oreka Bioelkarteak, Zuhaitzak Bizirik eta Etxaniz autoeskolak prestatuta, atzo hasi zuten hamabostaldia, eta datozen egunetan askotariko ekintzak egingo dituzte; hala nola, irteerak, ikastaroak, jolasak, hitzaldiak eta sukaldaritza tailerrak. Adin guztietako herritarrentzat prestatu dute jardunaldia, eta umeek eta gaztetxoek ikastaro eta jolas artean ezagutuko dituzte ingurumen eta mugikortasun kontuak. Izan ere, Abarketatxo ludotekan egunero izango dituzte ikastaroak, eta urriaren 13an Zumaia eta Deba arteko flysch-ak ezagutzeko irteera egingo dute txalupan. Zero Zabor taldeak, bestetik, bigarren eskuko azoka antolatu du larunbaterako. «Ditugun gauza guztiak erosi eta bota egiten ditugu, eta ohitura horiek aldatzeko eta berrerabilera bultzatzeko asmoz egingo dugu azoka». Materiala jasotzen aritu dira azken egunetan, eta horretarako azken eguna gaur izango da. Herritarrek 17:00etatik 20:00etara eraman ditzakete behar ez dituzten gauzak Berdura Plazan zegoen Zabale dendara. Bertako zuhaitzak zainduz Zuhaitzak Bizirik taldeak eskuartean duen proiektua aurkeztuko du larunbatean. Galtzeko arriskuan dauden zuhaitz autoktonoak berreskuratzeko sortu dute taldea. Auzolan bidez, landare horiek zaindu, landatu eta identifikatzeko asmoa dute kideek, eta horretarako hainbat ekintza egingo dute urtean zehar. Haietan parte hartzeko larunbatean eman ahalko dute izena interesa duten herritarrek. Kontsumo taldeak eta Oreka bioelkarteak, berriz, hitzaldiak antolatu dituzte. Azken horrek sukaldaritza ikastaroa ere prestatu du hilaren 10, 17 eta 24rako. Bertan parte hartzeko 943-02 62 31 telefonoan eman daiteke izena. Auzokonposta kanpaina Hondakinen gaiari ere eutsiko diete Ingurumen Hamabostaldian. Auzokonposta egiteko kanpaina zabalduko dute Ipintza auzoan eta Bizkargi plazan. Liburutegi atzeko gunea herriko beste bi lekutara zabaldu nahi du udalak. Etxez etxe banatuko du informazioa, interesa duten familiek izena eman dezaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide