Nava Jeevan elkarteak Indiako umeei eta emakumeei zuzendutako proiektuak garatzen ditu (Argazkia: Nava Jeevan)
Azkoitian martxan diren gobernuz kanpoko 9 erakundeen lana gizarteratzeko Aste Solidarioa egingo dute.
Garapenean Bidelagun Aste Solidarioa hasiko dute gaur Azkoitian, gobernuz kanpoko erakundeetan aritzen diren herritarren eta taldeen lana gizarteratzeko asmoz. Fiare banku etikoaren inguruko hitzaldiak inauguratuko du egitasmoa. Periko Etxaburua ordezkariak proiektuaren nondik norakoak azalduko ditu, 19:00etan, Elkargunean, eta Azkoitiko Udalak akordioa sinatuko du Fiarerekin. Era berean, Iciar Bollainen
También la lluvia filma emango dute bihartik igandera. Etzi, berriz, Azkoitian lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeek postuak jarriko dituzte, egiten duten lana plazaratzeko asmoz, eta eguerdian iparraren eta hegoaren arteko harremana ardatz hartuta testu irakurketa saioa egingo dute, plazan. Bederatzi erakundek hartuko dute parte egitasmoan:
1. Acoes
Bazkideen eta urtean zehar egiten dituzten ekintzen bitartez lortutako dirua zuzenean Hondurasera bidaltzen dute, hango kaleetan bizi diren umeei laguntzeko. «Patricio apaiza han bizi da, eta bera ardurartzen da umeek hezkuntza eta janaria izateaz». Besteak beste, egunean 6.000 umeri ematen diote bazkaltzen, erakundearen arabera.
2. Bidezko merkataritza taldea
Bidezko merkataritza taldea duela hamar urte inguru sortu zen, sendotzarako prestatzen ari ziren gazteek herrialde pobreen egoera hobetzeko zerbait egin zezaten. Sendotzarako eskoletan jasotako teoriatik harago, herrialde behartsuekin «harremanen bat» izan zezaten sortu zuten taldea, eta ordutik urtero bidezko merkataritzaren denda jartzen dute Azkoitian. Herrialde pobreetan ekoitzitako produktuak saltzen dituzte, bitartekorik gabe, bertako biztanleen bizi kalitatea hobetzeko.
3. Nava Jeevan-Bizi Berria
Duela lau urte sortu zen, Indiako Kalkutan gaixotasun larri bat zuten bost umezurtzi tratamendua ordaindu, eta bizi kalitatea hobetzen laguntzeko. Hasierako proiektuak izan zuen «erantzun ona» ikusita, beste egitasmo batzuk jarri dituzte martxan pixkanaka. Haurrentzako eta emakumeentzako hainbat ikastetxek dituen gastuak ordaintzen dituzte; hala nola, materiala, irakasleak, azpiegiturak, janaria...
4. The Direct Help Foundation-Kathmandu
«Everest, Annapurma, Machaphuchare, Bharatpur, Katmandu... Han dira horiek guztiak, mendi garaienak, herriak eta jainko-jainkosak. Euskaldunoi mendiegatik ezaguna bazaigu ere, bestelakorik ere bada Nepalen», azaldu du erakundeak. Han dira TDHF taldeko umeak. «Arkatzaren iraultzaz», emakumeen heziketa eta haurren heziketaz arduratzen da taldea.
5. Perurekin
2010ean lau lagunek sortu zuten gobernuz kanpoko erakundea, Limako San Pablo II. kokalekuan hainbat proiektu garatu ondoren. Hezkuntzaren arloan lan egiten dute, eta emakumeei zuzendutako tailerrak eskaintzen dituzte. Elikaduraren inguruko ikastaroak eta hirugarren adinekoei zuzendutako proiektuak ere garatzen dituzte.
6. Parapeti-Bolivia
Boliviako San Antonio Parapeti 4.000 biztanle inguru dituen herri txikia da. Hango errealitate gogorra eta pobrezia ikusita, 1996ko Gabonetan jostailuak batu eta lortutako dirua Boliviako herrixkara bidali zuten. Handik sortu zuten taldea Getxon, eta ondoren Azkoitiara zabaldu zen. Egoitza bat eraiki, eta zazpi gazte ezinduri laguntzen hasi ziren. Egun 90 gazte eta ume laguntzen dituzte. Azken urteetan hango gobernuarekin «aurrerapauso handiak» lortu dituzte. «Gure helburua zentroaren ardura gobernuarena izatea da».
7. Gazteak eta Garapena
Salestarrek 1988an sortutako erakundea da. Herrialde pobreetan salestarrak presentzia duten lekuetan eramaten dituzte proiektuak aurrera, bereziki gazteak eta umeak ardatz hartuta. Azkoitiko taldeak duela 15 egin zuen bat egitasmoarekin. Beningo Porto Novon kalean bizi diren umezurtzak aterpetxera eramaten dituzte, eta janaria eta etxebizitza bermatzen diete, horretarako askotariko finantzazio iturri ak erabiliz.
8. Behar Bidasoa
Irunen sortutako gobernuz kanpoko erakundea da, eta Ruandako Kabuga herriko bizilagunei bizi baldintzak hobetzea du helburu. 1976an Jose Ramon Amonarriz Kabuga nekazari herrixkara joan zen, eta handik sortu zen Hirugarren Munduaren Lagunak taldea. 1989an, berriz, egungo izena hartu zuen taldeak. Kabugako Garapen Gunea da duen proiektu nagusia, eta baliabide material eta giza materialetan laguntzen die. Ikastetxeak, etxebizitzak, osasun zentroak, nekazal kooperatibak... eraiki dituzte.
9. AMS Mundu Solidarioa Nikaragua
1998. urtetik Nikaraguako Diriamba udalerriko emakume eta gizonezkoekin elkarlanean dihardu taldeak; altzairu artisauak, adimen urritasuna eta fisikoa duten pertsonak eta haien senideak laguntzen dituzte, askotariko proiektuen bidez. Urtean hainbat ekintza antolatzen dute, batez ere Debagoiena eskualdean.