Azpeitiko eta Azkoitiko hainbat zezenzale bildu, eta toreatzailea izateko ikasketa praktikoen jendaurreko erakustaldia antolatu dute urriaren 5erako, Azpeitiko zezen-plazan.
Toreatzailerik ez du oraindik Azkoitiak, baina bai toreatzaile ikasleak. Joanes Balenciaga
Baroie eta Iban Arregi
Tapita gazte azkoitiarrek Azpeitiko zezen-plazan antolatu duten zezenketa ikuskizuneko ikasketa praktikoen erakustaldian hartuko dute parte, urriaren 5ean, 17:00etan, Juan Jose El Luri gazte sanadriandarrarekin (Nafarroa). Francisco Marco toreatzaile lizarratarra eta Asier Etxaniz
Kinttela banderillero azpeitiarra izango dituzte gidariak. Lanerako erabiliko dituzten zezenak ere berta-bertakoak dira: Azpeitiko Berrosueta baserriko ganadutegian jaio eta hazitako bost zezen.
Ekimenaren nondik norakoak Gaizka Otamendik, antolatzaile taldeko kideak azaldu ditu: «Zezen jolasak bultzatzeko asmoarekin bildu gara. Zezenzaleak izaten jarraitu nahi dugu, eta hala izaten utz diezaguten nahi dugu». Gaur egun Azpeitian edo Azpeiti inguruan norbaitek toreatu nahi badu «egoera zail samarra dauka», eta horretarako aukera eskaintzeko asmoz antolatu dute urriaren 5eko erakustaldia. «Edozein kiroletan, ofiziotan edo kultura jardunetan ikasteko erraztasun eta aukera asko daude inguruan, baina Izarraitz inguruko herri zezenzaleetan toreatu nahi duenak ez du horretan ikasteko zezen eskolarik».
Urriaren 5a «egun historikoa» izango dela uste dute, bi arrazoigatik: «Guk dakigula, Azpeitian aurreneko aldiz egingo dira toreatzailerako ikasketa-praktikoak, eta lehendabizikoz Azpeitiko zezen-plazan bi azkoitiar toreatzaile ariko dira».
Jendeari beldur handiagoa
Joanes Balenciagak eta Iban Arregik 16 urte dituzte, toreatzailerako ikasketa praktikoak «zezenzaleak» direlako eta «gustuko» dutelako egingo dituzte. "Aukera jarri digute, eta baietz esan dugu. Aukera ona da guretzat». Antolatzaileen arabera, «biak toreatzaile-toreatzaileak dira».
Iban Arregi eta Joanes Balenciaga azkoitiarrak kartelari helduta, urriaren 5eko ekitaldiko antolatzaileekin (Nerea Uranga/Hitza)
Berrosuetako zezenak ederki ezagutzen dituzte biek ala biek, behin baino gehiagotan jardun dutelako ganadutegian zezen txikiekin. «Orduak eta orduak igaro dituzte hauek han. Egunero bertan izaten dira», dio ganadutegiko Josu Uriak. Zezenei baino jendaurrean aritzeari beldur handiagoa diotela esan dute bi azkoitiarrek.
Aurrenekoz, ateak zabalik
«Ateak itxita, geure artean, behin baino gehiagotan ibili dira hauek zezenen aurrean toreatzen. Beti ateak itxita egin dugu, eta aurten jendaurrean egiteko aukera ikusi dugunez, halaxe egingo dugu», dio Asier Etxaniz Kinttela banderilleroak. Urriaren 5eko ekitaldian bera izango da azpeitiar bakarra zezen-plazan. «Badaude zezenzale gazteak, baina oraindik jendaurrean aritzeko gazteegiak dira».
Francisco Marco toreatzailea izango da gidaria, eta hori ere nabarmendu du Etxanizek. «Hamabost urtetik gora darama toreatzaile, eta aurten ere toki askotan toreatu du: Iruñean sanferminetan, Santanderren...». Ekitaldian ez dute zezenik hilko; atzera ukuilura sartuko dituzte.
Ikasketa praktikoen erakustaldia bukatu ondoren, Zelai Luze ganadutegiko zezen bolaztatuak aterako dituzte plazara, eta, segidan, haurrek karretoiarekin jolasteko aukera ere izango dute.
Bertakoekin bertarako
Jendearen harrera nolakoa izango den ez dakitela azaldu dute antolatzaileek, baina bertan eta inguruetan zaletasuna badagoela erakutsi nahi dute. «Bertako zezenzaleekin, toreroekin, banderilleroarekin eta zezenekin antolatu dugu erakustaldia. Asmoa ez da dirua ateratzea, bakar-bakarrik bertan zaletasuna badagoela eta zezenzaleak garela erakusteko antolatu dugu. Bertakoekin zezen ikuskizun bat egin daitekeela erakutsi nahi dugu».
Ikuskizunaren antolatzaileek «zezen festa» prestatzen lagundu dietenei eskerrak helarazi dizkiete, baita babesle izan dituzten Zulo Zabal elkarteari eta Azpeitiko Udalari ere.
Sarrerak dagoeneko salgai
Urriaren 5erako antolatutako zezenketa ikuskizunerako sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko, Azpeitian Juantxo Txiki tabernan eta Azkoitian Isidro erretegian. Sarrera 5 euro kostako da, baina 14 urtetik beherakoek doan sartzeko aukera izango dute. Txartelak egunean bertan zezen-plazako leihatilan ere salgai jarriko dituzte, ateak ireki baino ordubete lehenago.