Aste solidarioa egingo dute Azkoitian, "iparraz eta hegoaz hausnarrazteko"

Ane Olaizola 2013ko irailaren 20a

Garapenean Bidelagun Aste Solidarioa egingo dute hilaren 26tik 29ra bitartean Azkoitian, herrian lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeen jarduna azaleratzeko, eta «herritarrek iparraren eta hegoaren arteko harremanaren inguruan hausnar dezaten», eta horren gaineko kontzientzia izan dezaten. Antolatzaileak aurkezpenaren amaieran (Argazkia: Azkoitiko Udala) Azkoitiko Udalak eta herrian lan egiten duten gobernuz kanpoko bederatzi erakundek elkarlanean antolatu dute egitasmoa. Besteak beste, Acoes, Bidezko Merkataritza, Nava Jeevan-Bizi Berria, The Direct Help Fundation-Kathmandu-Perurekin, Parapeti-Bolivia, Gazteak eta garapena, Behar Bidasoa eta AMS Mundu solidarioa Nikaragua taldeek hartuko dute parte. Udalak adierazi duenez, Azkoitia «herri aberatsa» da, «herrialde pobreen garapenerako lanean diharduten talde eta herritar ugari» baitaude. «Garapen bidean dauden herrialdeak hobetzeko lanean ari diren eta horretarako diru-laguntzak eskatzen dituzten taldeak herrian badaudela ohartu gara», adierazi du Urrategi Alberdi zinegotziak. Horien lana ezagutzera emateko hainbat ekitaldi egingo dute hurrengo astean. Ostegunean Fiare banku etikoari buruzko hitzaldia emango dute Elkargunean, 19:00etan. Periko Etxeburuak proiektuaren nondik norakoak azalduko ditu, eta udalarekin hitzarmena sinatuko dute udalarekin. Izan ere, Fiareri laguntzeko lankidetza hastea adostu zuen joan zen uztailean Udalbatzarrak. Hala, udala Fiareren erakunde laguntzailea izango da, gobernuz kanpoko eta gainontzeko gizarte izaeradun erakundeen lana sustatzeko asmoz. Larunbatean, berriz, askotariko ekintzak izango dira. Goizetik eguerdira bitartean Azkoitian lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeek postuak jarriko dituzte plazan. Taldeek egiten duten lana azalduko dute, eta herritarren zalantzak argituko dituzte. Bidez batez, dituzten produktuak salduko dituzte, lortutako dirua proiektuak garatu ahal izateko finantzazio iturri izaten baita askorentzat. Postuekin batera, gobernuz kanpoko erakundeek egiten duten lanaren inguruko bideo emanaldia eskainiko dute, Kontzejupean. Irakurketa saioa, plazan Ohiko ekintzetatik harago, iparrrena eta hegoaren arteko harremana oinarri duten testuak irakurriko dituzte herriko plazan. Herritar guztiek hartu dezakete parte, eta irakurketa «irekia eta zabala» izango da. Aurrez sortutako testuak nahiz eurek idatzitakoak irakurri ahal izango dituzte, nahi duten hizkuntzetan. Poesia, prosa, bertsoak, esaldiak... plazaratu ahalko dira. Testu batzuk bertan jarriko dituzte, nahi duenak horiek irakur ditzan. Era berean, Iciar Bollainek zuzendutako Tambien la lluvia (Espainia, 2010) filma eskainiko dute hurrengo asteburuan, Baztartxon. Hurrengo astean hasiko da elkartasun astea, baina egitasmoa prestatzeko lanketa duela hilabete batzuk hasi zuten antolatzaileek. «Ikusi genuen bakoitzak bere aldetik egiten ditugula ekintzak, baina guztion artean zerbait egin beharra zegoela proposatu genuen», esan Alberdik. Martxoan elkartu ziren elkarteak eta udala, eta honen arabera, «oso erantzun zabala» izan zuen deialdiak. Han adostu zuten aste solidarioa prestatzea, «herritarrek ikus dezaten gai honen inguruan talde ugarik egiten dutela lan». Aurrera begira ere halako jardunaldiekin jarraitzeko asmoa azaldu dute antolatzaileek, eta herritarrei dei egin diete parte hartu dezaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide