Azkoitiko Tabernarien elkarteak October Fest antolatuko du estreinakoz

Ane Olaizola 2013ko irailaren 18a

Alemanian egiten den garagardo festako irudi bat Larunbatean October Fest garagardoaren festa ezaguna zabalduko dute Munichen (Alemania), eta Azkoitiak ere kutsu berdina hartuko du egun horretan; lehenenengo aldiz, Azkoitiko Tabernariek October Fest prestatu dute, herritarrek garagardoarekin gozatu dezaten. «Antzeko ekimenak egin izan dira herrian, baina formatu honetan ez dugu inoiz egin; Municheko festa famatuaren eguna aprobetxatu nahi izan dugu Azkoitian ere halako festa egiteko», diote antolatzaileek. Unblenble bazkaria egingo dute larunbatean, Ikurrinaren Plazan, 14:30ean: «Nahi adina» saltxitxa eta zerbeza eskainiko dute tabernariek. Horrez gain, kafea eta kopa bana izango dute bertaratzen direnek. Bazkarira joateko txartelak Atraskua, Dean, Etxe-Aitz, Koxka, Latz, Olaberri, Ttakun, Txalintxo, Zakela eta Zurt tabernetan eros daitezke, bost eurotan, ostiral eguerdira artean. Bazkalondoren, berriz, tabernariek baten prezioan bi zerbeza salduko dituzte elkarte barruko tabernetan, 21:00etara bitartean. Lehenengo saiakera Halako ekimenen bidez, azkoitiarrak «herrian geratu» eta bertan kontsumitu dezatela nahi dute antolatzaileek, eta harrera ona izanez gero, aurrerantzean ere halako ekimenekin jarraitzeko asmoa dute: «Zumaian duela hamar urte hasi ziren Olagarro Eguna antolatzen, eta egun arrakasta handia du; hemen ere antzeko erantzuna izango lukeen zerbait berria probatu nahi izan dugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide