Udal korporazioa, iaz, Salbera sartu aurreko kale bueltan (Argazkia: Azkoitiko Udala)
Aldaketak izango dira andramarietan, udalak ekitaldi erlijiosoetan izango duen parte hartzean behintzat. Azkoitiko Udal Gobernuak ekitaldi horietan izan duen parte hartzea aldatzea erabaki du, eta aurrerantzean saio erlijiosoetan soilik «modu pertsonalean» eta «gonbidatu gisa» izango direla adostu dute kideek. «Erakunde laikoa gara, akonfesionala», arrazoitu du.
Hori hala, orain arte Andramari bezperan, hilaren 14an, Salbera joan aurretik eta ondoren udal korporazioak egiten zuen kale bueltarik ez da izango, «tradizio hori ez datorrelako bat udalak erakunde laiko eta akonfesional modura izan behar duen jarrerarekin». Orain arte udal ordezkariak udaletxetik elizara joaten ziren korporazioan, eta ekitaldia amaitzean paseo bera egiten zuten. Salbea, ordea, ohi bezala egingo dute, eta udalak aurreratu du hainbat ordezkari bertan izango dela, parrokiak udala gonbidatu duelako. Hala, gonbidatu gisa izango dira elizan kideak. «Gizartea aldatzen ari da, eta instituzioek ere herritarragoak izan behar dugu. Udalak herriko gainerako eragileekin izan beharreko harremanak naturalagoak eta xumeagoak izateko pausoak eman behar ditugu».
20:00etan izango da ekitaldia. Ignacio Busca Sagastizabalen
Salbea zazpi ahotsetara abestuko dute, eta aita Nemesio Otañoren
Ave Maria bost ahotsetara entzun ahal izango da.
Autobus zerbitzu bereziak
Bestetik, hainbat ohar plazaratu du Udaltzaingoak, andramariak direla eta, Trenbidearen Zumardiko 1. eta 9. zenbaki artean, liburutegia eta Geltoki taberna artean, ezin izango da aparkatu hurrengo astelehenetik aurrera, barrakak jarriko dituztelako han. Era berean, hilaren 14tik aurrera herritarrek ezin izango dute ibilgailua utzi Mekoletako biribilgunean eta inguruko eremuan, handik botako dituztelako su festak. Hondakinei dagokienez, Plaza Berriko zaborra biltzeko edukiontziak Balda Plazan egongo dira festetan, eta bolumen handiko hondakinak asteazken goizean jasoko dituzte. Hala, astearte iluntzean utzi beharko dira hondakinak han.
Abuztuaren 14ean, 16an eta 18an, gainera, gaueko bi autobus zerbitzu berezi izango dira; Azkoititik Azpeitira joateko 01:00etan, 02:00etan, 02:45ean, 04:00etan, 04:45ean eta 06:00etan irtengo du autobusak, liburutegi ondotik; Zarautzera joateko, berriz, 02:45ean eta 04:45ean izango dira autobusak, eta Zumaian geldialdia egingo dute.