Bittor Lizarralde zena omenduko dute aurtengo Andramari festetan Azkoitian

Ane Olaizola 2013ko abuztuaren 7a

Azkoitian prest dituzte andramariak. Bihar iritsiko da jaien egitaraua Azkoitiko etxeetara, eta bertan irakurri ahal izango denez, aurtengo festek berrikuntza ugari izango dituzte. Udalak, festa batzordeak eta horiekin batera jaiak antolatzen aritu diren eragileak atzo aurkeztu zituzten festak, eta jakinarazi zutenez, aurten andramarietan Bittor Lizarralde zena omenduko dute. Festak antolatzen aritu diren herriko eragileak, atzo, aurkezpenean (Ane Olaizola/Hitza) Abuztuaren 14an, txupinazoa baino lehen, Lizarraldek urtez urte egin zuen lana gogoratuko dute omenaldi «xume eta sentikor» baten bidez. Haren senideek botako dute udaletxeko balkoitik suziria, festei hasiera emanez. «Andramarietan urte askoan lan eta lan aritu zen herritar bat faltako da aurtengo jaietan», adierazi zuen Esther Lizarralde alkateordeak, lotura zuzena izan baitzuen azkoitiarrak herriko festekin. Abuztuaren 18an herri bazkaria egiten dute, eta hura antolatzen hasi zen duela 25 urte. Horrez gain, «ekintza herrikoien sustatzailetako bat» izan zen, udalak nabarmendu duenez. Horrez gain, hamaika ekimenetan boluntario gisa aritu zen azkoitiarra, festetan nahiz bestelako arloetan. Apirilean hil zen, 68 urte zituela. «Parte hartzea eta auzolana bultzatu eta indartu nahi ditugun honetan, Bittor Lizarraldek egindako lana eredu izango dugu». Bittor Lizarralde zena, iaz ateratako irudi batean (Onintza Lete Arrieta/Hitza) Gazte eta umeei tarte berezia Lizarralderen omenaldiarekin hasiko da gaur zortzi festa. Egitarauari dagokionez, herriko eragileen ekarpenetatik abiatuta antolatu dituzte festak, eta udalak adierazi zuenez, andramariak jai «parte hartzaileak, herrikoiak, euskaldunak eta parekideak» izango dira aurten. «Azkoitiar guztiek parte hartu eta gozatu dezaten, ahalik eta egitarau zabalena osatzen saiatu gara», azaldu du Azkoitiko Udalak. Adin eta kolektibo guztiei zuzendutako jaiak izango direla berretsi dute, baina aurtengoan gazteei eta umeei arreta berezia eskaini nahi izan diete, eta horretarako hainbat aldaketa egin dute egitarauan. Abuztuaren 16an umeen eta gurasoen bazkaria eta jolasak egingo dituzte lehen aldiz. Gurasoek eta seme-alabek festa espazioa eta denbora partekatu dezaten nahi dute udalak eta festa batzordeak, eta horretarako izena ematen duten gurasoek eta gaztetxoek bazkaria prestatuko dute. «Elkarrekin gozatzeko gunea sortu nahi da bazkari honekin». Ondoren, jolasak egingo dituzte, eta kalejiran joango dira Balda Plazara, Irrien lagunak ikuskizuna ikustera. Udalak eta festa batzordeak elkarlanean antolatu duten ekimenetako bat da umeen eta gurasoen arteko bazkaria, marmitako lehiaketarekin batera. Hirugarren urtez egingo dute lehiaketa, eta aurten sukaldariek kalean prestatu beharko dute marmitakoa, etxean egin beharrean. Izena ematen dutenek beharrezko materiala eta osagaiak jasoko dituzte, eta 11:00etatik 14:00etara 20 lagunentzako marmitakoa prestatuko dute.  Parte-hartzaileek prestatutako marmitakoarekin bazkaria egingo dute herritarrek. Txartelak tabernatan jarriko dituzte salgai; ikasle eta langabetuek 12 eurotan izango dituzte, eta langileek 15 eurotan. Lehiaketan eta umeen eta gurasoen bazkarian parte hartzeko gaurtik hilaren 12ra artean eman daiteke izena, udalean edo festa batzordearen festabatzordie@gmail.com helbidean. Festa batzordeak Dan herrixe on lema izan dute aurten,eta nabarmendu duenez, taldearen helburua «ahalik eta herritar gehienek parte hartzea» izan da. Azken urteetan galdutako ohiturak berreskuratu nahi izan ditu aurten, eta horregatik jaiak iragartzeko zapiak kaleratuko dituzte datozen egunetan. Era berean, koadrilen arteko kamiseta lehiaketa egingo dute hilaren 18an, berrikuntza gisa. «Gero eta kamiseta gutxiago ikusten dira koadrilen artean, eta hori indartu nahi dugu». Hala, herri bazkaria eta gero kamiseten desfilea egingo dute koadrilek. Kamiseta eta desfile politena egiten dutenak sarituko dituzte gero. Izena hilaren 18ra artean eman daiteke. Era berean, baserritarren eta kaletarren arteko jolasen ordez Koadrilen Arteko Gazte Olinpiar Jokoak egingo dituzte aurten. Ontzi berrerabilgarriak Udalak berretsi zuen festa parekideen alde lan egingo duela, eta herritarrei dei egin die jarrera hori hartzera. Era berean, udalak jakinarazi du ontzi berrerabilgarriak edota konpostagarriak jarriko dituela festetako jardunaldi gehienetan; hala nola, herri bazkarietan. Zentzu horretan, Azkoitiko Udalak herritarrei dei egin die herria txukun manten dezaten, eta hondakinak «modu egokian» sailkatu ditzaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide