Javier Zubizarreta Anaitasuna Futbol Taldeko presidentea, Azkoitiko Txerloia futbol zelaian (Ane Olaizola/Hitza)
Presidentegairik aurkeztu ez denez, Javier Zubizarretak beste urtebetez jarraituko du Azkoitiko futbol taldean. Azkoitiko Anaitasuna Futbol Taldeak urteko asanblada egin zuen aurreko hilean, eta zuzendaritza osatzen zuten kideetako askok postuak utzi zituzten, lau urteko epea amaitu eta gero. Presidentea aldatzea ere bazegokion taldeari, eta, horretarako, datozen lau urteetan burua izateko hautagaiak aurkezteko deialdia zabalik egon da azken aldian.
Baina inork ez duenez bere burua presidentegai aurkeztu, ezohiko egoeraren aurrean, Javier Zubizarreta Anaitasunako presidenteak karguan beste urtebetez jarraitzea erabaki du, eta hala jakinarazi du. Hori bai, ohartarazi du 2013-2014ko denboraldia amaitzean ardurak utziko dituela. «Kontzientziak ez dit uzten Anaitasuna egoera honetan uzten», adierazi du. Dena den, nabarmendu du hasierako «ilusio eta gogo berarekin» eutsiko diola hurrengo denboraldiari.
Dagoeneko hamar urte egin ditu Zubizarretak Anaitasunako zuzendaritzan—80ko hamarkadan bost urtez egon zen—. Taldean lekukoa aldatzea beharrezkoa dela nabarmendu du, eta hala gertatu ezean, «kaltegarria» izango dela ohartarazi. «Presidente izateak kezka sortzen die askori, eta lehenengo hartu-emanak itxaropentsuak izaten badira ere, azken pausoa eman aurretik atzera egiten dute». Jakinarazi du denboraldia hasi bezain laster ekingo diola ordezkoa bilatzeari. «Interesa duten herritarrak animatu nahi ditugu, benetan merezi baitu zuzendaritzan egotea».
Presidente izateko inor aurkeztu ez bada ere, dagoeneko osatu dute zuzendaritza berria. Jon Ander Azkue (diruzaina), Maider Zinkunegi (idazkaria), Borja Rocha (kirol arduraduna), Sorkunde Garate (emakumezkoen futbol arduraduna) eta Ibon Orbea (mantentze-lanetarako burua) dira kideak. Hala, Anaitasunaren historian lehenengo aldiz bi emakume egongo dira batzordean. «Guztiak herrikoak dira. Batzuk besteek baino esperientzia handiagoa dute, baina guztiek gertutik bizi eta sentitzen dute Anaitasuna», dio presidenteak. Era berean, aurreko zuzendaritza taldea osatu zutenen lana eskertu du Zubizarretak.
Aurredenboraldia hastear
Anaitasunak 11 talde izango ditu aurten— bederatzi gizonezkoenak eta bi emakumezkoenak—, iaz baino bat gehiago. Talde nagusiak Erregionalen Ohorezko Mailan jokatuko du, aurreko denboraldian hirugarren mailatik jaitsi ostean.
Hurrengo astelehenean hasiko dituzte entrenamenduak, denboraldiaurrea ate joka baitute; abuztuaren 13an aurkeztuko dute taldea, Anaitasunak orduan jokatuko baitu XVI I Javier Sagarzazu Saria, Zarauzko taldearen aurka.
Dena den, Erregionalen Ohorezko Mailako liga irailaren 7an hasiko dute. Orion jokatuko dute partida, Getariaren aurka. Gainera, aurten taldeak aldaketa dezente izango ditu. Aurreko urteetan Anaitasunako jubenilen entrenatzailea izan da Aitor Iturbe, eta aurten talde nagusia zuzenduko du. Aurreko denboraldian jubenilen taldeko entrenatzaile gisa mailaz igotzea lortu zuen.
Dagoeneko bi jokalari fitxatu dituzte. Aitor Esnal aurrelariak Eibarrek utzita jokatuko da Anaitasunan, eta Aitor Aizpuru defentsa hango taldetik fitxatu dute. Zubizarretak argitu duenez, momentuz ez dute beste fitxatzerik aurreikusten. Baja asko izan dira taldean, eta iaz Gorengo eta Jubenil mailetan jokatu zuten batzuekin osatuko dute taldea. Beraz, talde gaztea izango da; jokalarien bataz besteko adina 22 urte da. «Ilusio handiarekin eutsiko diogu maila berriari. Gure erronka lehenengo postuetan ibiltzea izango da, eta ahal izanez gero, berriro Hirugarren mailara igotzea. Badakigu zaila izango dela, ez, ordea, ezinezkoa», nabarmendu du Zubizarretak.
Jubenilei dagokienez, irailaren 15ean hasiko dute denboraldia, Indartsuren aurkako partidan.