Amparo Llanos, Dover: «Hasierako garaiak gogora ekarri nahi izan ditugu»

Ane Olaizola 2013ko uztailaren 19a

Hamabost urte pasa dira Dover talde madrildarrak Devil came to me diska kaleratu zuenetik. Taldeakideek «mugarritzat» jo dute lan hura, orduko musikagintzan ez ezik, euren bizitzan ere «beste garai bat» abiarazi zuelako. Urteurren bikoitza dute ospatzeko, ordea, Cristina eta Amparo Llanos ahizpek, Jesus Antunezek eta Samuel Titosek, taldea osatzen duten musikariek, duela hogei urte eratu baitzuten Dover. Zazpi urte dira gitarra soinu gogorrak alde batera utzi, eta doinu elektronikoei eutsi zietela. Baina urteurren biran garai zaharrak gogoratuko dituzte. Azkoitiko tabernarien elkarteak eta Grupos y Conciertos-ek antolatuta, Azkoitiko plazan izango dira bihar, 23:30ean, eta taldeari ospea eman zion diskoko abestiak joko dituzte. UROLA KOSTAKO HITZA-k Amparo Llanos taldeko gitarra-jotzailearekin hitz egin du. Dover musika taldea. Ezkerretik bigarrena da Amparo Llanos. Disko berriaren bira egiten ari zarete. Zer moduz doakizue? Neguan egin genuen bira, eta aretoetan eman genituen kontzertuak. Gutxi batzuk eskaintzea pentsatzen genuen hasieran, baina amaieran hogeita hamar baino gehiago eskaini genituen. Ondoren, pentsatu genuen kontzertu horietako bat grabatzea, eta orain kontzertuekin jarraitzen dugu. Zuzenean jotzea beti da dibertigarria eta pribilegioa. Beraz, kontzertuak oso ondo doazkigu. Devil came to me diskoa gogorarazteko egin dugun bira hau bereziki zirraragarria ari zaigu egiten, urte asko direlako abesti horiek jotzen ez ditugula, eta zaleek abesti horiek entzuteko gogoa dutelako. Polita ari da izaten. Taldearen sorreraren 20. urteurrena ari zarete ospatzen. Hori izan al da diskoa kaleratzeko arrazoia? Taldearen urteurrena baino, diskaren urteurrena ospatzeko kaleratu dugu. Duela 15 urte kaleratu genuen Devil came to me. Eta urteurrenaren harira zerbait egin  nahi genuen. Martxoaren 8an Madrilgo Sol aretoan grabatu genuen zuzeneko diskoa. Horrekin batera, kontzertuaren DVDa eta hasierako diskoaren birmasterizazioa kaleratu ditugu. Beraz, zaleei zuendutako lana izan da. Orduan, iraganararekin berriz bildu zarete, ezta? Zalantzarik gabe, iragana gogoratzea izan da. Orokorrean, ez gara batere nostalgikoak, apenas egiten dugu bildumarik. Beti gaude aurrera begira, baina oraingoan garai hori gogoratu nahi genuen. Devil came to me da taldeari ospea eman dion abestia. Zer eragin dizue kantu, eta orokorrean, disko horrek? Disko hau mugarria izan zen gure bizitzan. Lan honen eraginez gure bizitzak asko aldatu ziren, onerako. Orduan talde txiki bat ginen, ingelesez abesten genuen, gitarra eta soinu altuekin, managerrik ez genuen... Hala arrakasta lortzea ezinezkoa zirudien, baina jende askori gustatu zitzaion diskoa. Gure ibilbidean kaleratu dugun diskorik garrantzitsuena izan da. Era berean, 2006an kaleratu genuen Follow the city lights lana ere oso garrantzitsua izan da guretzat. Dover Hain zuzen, orduan norabidea aldatu eta musika estilo zeharo desberdina hasi zineten lantzen. Rockarekin ala poparekin eta elektronikarekin sentitzen al zarete erosoago? Orain arte egin dugun guztiarekin sentitu gara eroso, egiten duguna geuk sortzen dugulako. Guk egindako lanean norbaitek eskua sartuko balu, orduan sentituko ginateke deseroso. Baina gure erara sortzen dugu musika, eta ondo sentitzen gara, kanpoko munduarekiko zakarrak baikara. Urteetan rocka egitea oso dibertigarria izan zen, baina nekatu egin ginen, eta gauza berriak probatu nahi izan genituen. Hutsetik hasi, eta beste gauzetan inspiratu nahi genuen. Berriz dibertigarria izan zedin nahi genuen, eta hala izan zen. Aurrekoen antzik ez zuten bi disko kaleratu genituen. Gero, bat-batean, nekatu egin ginen musika horrekin, eta lehengo abestiak entseatzen hasi ginen joan zen udan. Orain, garai hau amaitzen denean, beste disko bat lantzen hasiko gara, baina ez dakigu nolakoa izango den. Hor dago grazia. Hasierako publikoari eusten al diozue, ala bestelako bidea hartu zenutenetik publiko berria duzue? Ez dakit oso ondo nolakoa den gure publikoa, aldiro desberdina dela ikusten baitut. Inoiz ez dugu interesik izan gure ikusleak nolakoak diren jakiteko. Nahi duten bezalakoak dira. Sumatu dugu, ordea, urteetan ikusleak mantendu ditugula; beste batzuk gu jarraitzeari utzi diote, eta beste gazte asko batu egin zaizkigu. Hori oso ondo dago; Follow the city lights kaleratu genuenean, jende askok orduan ezagutu gintuen, Let me out abestiari esker. Orain, berriz, bira egin dugunean, jende gazte asko etorri da, eta hori ere pozgarria da. Biharko kontzertuan hasierako abestiak joko al dituzue? Bai. Devil came to me diskoko ia abesti guztiak taularatuko ditugu, eta, horrez gain, Late at night laneko abestiak eskainiko ditugu. Beraz, rock kontzertua izango da biharkoa. Abesti horiek gehiago entzungo ez zituztela pentsatzen zutenek bihar izango dute horretarako aukera. Zer espero duzue biharko kontzertutik? Jendeak ondo pasatzea nahiko genuke. Ikusleek kontzertu ona egingo dugula espero dutela pentsatzen dugu, eta gure asmoa horixe da. Ahal dugun guztia egingo dugu hori lortzeko. Esaten dutenez, Azkoitiko plaza zaila da taldeentzat. Publikoa konbentzitzea zaila bada, guk gurea egingo dugu. Horretarako deitu gaituzte. Beraz, ahal dugun ondoena egingo dugu, publikoak tarte ona pasa dezan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide