Gizon-emakume proba egingo dute igandean Azkoitiko Urrategiko amabirjinetan

Ane Olaizola 2013ko uztailaren 10a

Iaz giza probak egin zituzten auzoan (Argazkia: Ibon Errazu) Egitaraua Uztailak 12, ostirala
  • 22:00. Mus txapelketa azkarra.
Uztailak 13, larunbata
  • 11:00. Azkoitiko udal musika bandak kalejira egingo du herrian zehar, Urrategiko Amaren egunaren omenez.
  • 22:00. Gau Gurtza egingo dute auzoan. Harutz joateko autobusak irtengo du 21:30ean, Julio Urkijo kaletik.
Uztailak 14, igandea
  • 09:00. Meza.
  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:30. Herri kirolak Goenatxo II.a eta Goenatxo III.arekin.
  • 13:00. Sebastian Lizaso eta Angel Larrañaga bertsolarien saioa.
  • 13:30. Zabale eta Larrañaga trikitilarien saioa.
  • 16:30. Gorriti eta bere abereak.
  • 16:30. Ume jolasak, puzgarriak eta tailerrak.
  • 18:00. Gizon-emakume proba: Urrategi auzoko  gizonezkoen taldea emakume proban ari den Orioko taldearen aurka.
  • 19:30. Andra Mariari agurra egingo diote.
  • Ondoren. Zabale eta Larrañaga trikitilariekin erromeria.
Uztailaren bigarren igandea iristear da, eta ohiturari jarraituz, Urrategiko Ama Birjinaren jaiak ospatuko dituzte asteburuan azkoitiarrek. Urrategi auzoa festan murgilduko da ostiraletik aurrera, eta dagoeneko tradizio bihurtu diren ospakizunek tartea izango dute beste behin; herri kirolak, ekitaldi erlijiosoak eta erromeria izango dira nagusi amabirjinetan. Auzoko festa batzordeak prest du jada herriko zaindariaren eguna ospatzeko egitaraua, eta astebururako zerura begira dira kideak, jakin badakitelako eguraldiak eragin handia duela festa giroan. «Egun garrantzitsua izaten da Urrategiko Ama Birjinarena; askok debozioz bizi dute. Baina eguraldi eguzkitsuegia eginez gero, askok hondartzara jotzen dute. Beraz, horren menpe gaude», adierazi du Joxe Luis Garate antolatzaileak. Tradizioari eusten dio Urrategiko jaiak, eta horregatik herritar ugarik jotzen dute auzora eguna pasatzera eta hango zelaietan lasai bazkaldu eta festa egitera. Igandean ekitaldi erlijiosoek tarte berezia hartzen dute. Dena dela, Andramari Parrokiak meza eta bestelako ekintzak ere antolatu ditu auzoan. Ostiralean hasiko dituzte jaiak, mus txapelketa azkarrarekin. Elkartean bilduko dira jokalariak, eta honako sariak banatuko dizkiete irabazleei: lehenengo bikoteak txapelak eta 200 euro jasoko ditu; bigarrenak, 100 euro eta oparia. Hirugarren eta laugarren bikoteek, berriz, 60 euro eta oparia eta bi oilasko eta oparia eskuratuko dituzte, hurrenez hurren. Ohiturei lotutako festa Igandea izango da egun garrantzitsuena, eta ohiko egitarauan izango da berrikuntzarik. Arratsalde partean zaldi, asto edota giza probak egin izan dituzte azken urteetan, baina aurtengoan emakumeak ere batu dira ekimenera, eta gizon eta emakume probak egingo dituzte lehenengo aldiz. Auzoko giza proba taldea osatzen duten sei gizonezko Orioko taldeko zortzi emakumeren aurka arituko dira nor baino nor. 500 kiloko harria gainkargarekin mugitu beharko dute bi taldeek hamabost minututan. Azkoitiko taldea duela bost urte inguru sortu zuten sei auzotarrek, eta ordutik Urrategiko festetan erakustaldi batzuk eskaini izan dituzte. «Auzoan probetarako zaletasun handia dago, eta giza proben gorakada hasi zenean geuk ere taldea osatzea erabaki genuen», adierazi du Garatek. Orioko taldea, berriz, hainbat probatan aritu da, eta antolatzaileek uste dute igandeko norgehiagoka «oso parekatua» izango dela. «Orioko taldeak normalean 30 plaza inguru egiten ditu, eta gu emaitza horretara gerturatu ohi gara». Bandak, kaleijra Urrategin jaiak aspalditik ospatzen dituzte, baina festa batzordea duela 11 urte inguru sortu zuten, jaiei buelta bat emateko asmoz. «Lagun taldea bat elkartu ginen, eta auzoan dagoen elkartearentzat dirua lortzeko festak indartu nahi izan genituen». Ordutik, herri kirolez eta musika doinuz betetako «egitarau txukunak» prestatzea izan dute asmoa. Aurten, gainera, Azkoitiko udal musika bandak ere omenduko du zaindaria, eta larunbat goizean kalejira egingo du herriko kaleetan zehar.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide