Asier Aranbarri: «Ondo ezagutzen dudan arloan ari naiz lanean»

Ane Olaizola 2013ko uztailaren 10a

Asier Aranbarri, artxiboko irudian (Irene Elorza/Hitza) Asier Aranbarri Azkoitiko alkatea izandakoa eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ taldearen bozeramaile ohia erakunde publikoetara itzuli da, bi urteko etenaren ondoren. Eusko Jaurlaritzak oraintsu jakinarazi duenez, azkoitiarrak aholkulari lanetan dihardu azken hilabeteetan. Josu Erkoreka bozeramailearen gidaritzapean, Administrazio Publikoa eta Justizia Sailerako aukeratu dute Aranbarri. «Abokatua izanda, eta udalean izandako esperientziarekin, ondo ezagutzen dudan arloan nago», adierazi du. Lanpostu berriak Jaurlaritzaren politikak barrutik ezagutzeko aukera ematen diola adierazi du alkate izandakoak, bere zeregina «administrazioaren estamentuek gizartearen beharrei modu egokian nola erantzun aztertzea» baita. «Erakundeak, bere osotasunean hartuta, zer lan egin beharko lituzken proposatzea da nire lana, herritarrei bizimodua erraz diezaiogun». Dagozkion gaien inguruko lanak egitea ere badagokio Aranbarriri. Besteak beste, kode etikoa izan du jorragai. «Gustura» dago lanpostu berrian, aurretik Jaurlaritzarekin hartu-emanak izan baditu ere, orain «beste ikuspuntu batetik» lan egitea ahalbidetzen baitio. Dena den, Jaurlaritzako zereginei erantzuteko beharrezkoa ikusten du aurrez udalean esperientzia hartu izana. «Azkoitia bezalako herrietan izugarrizko presio soziala sumatzen da, herritarrak bertan daudelako; presio hori sentitzea garrantzitsua da». Politikagintzatik urrundu gabe Erakundeetatik urrundu bada ere, azken bi urteetan ez du politika alboratu. Azkoitiko Udala eta Batzar Nagusiak utzi zituenetik, besteak beste abokatu gisa eta formazio lanetan aritu da azkoitiarra. «Erakundeak eta gizarte zibila uztartzearen inguruko masterra egin dut, egoera honetatik irten ahal izateko guztiok norabide berean egin beharko baitugu lan». Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuan kolaboratzaile gisa ere aritu da, Aieten, Donostian. «Erakundeen antolaketaz eta berregituraketaz aritu gara hausnartzen». «Beti izan dut politikagintzako harra gordeta», aitortu du. «Politikak, zerbait izatezkotan, bokaziozkoa izan behar du».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide