Bost herritarrek ipuinak kontatuko dituzte gaurtik aurrera Azkoitiko liburutegian

Ane Olaizola 2013ko uztailaren 9a

Bailarako beste hainbat herritan egin duten bezala, Azkoitiko Aizkibel liburutegiko kideak ipuin kontalari bila aritu dira herrian. Azkenean bost lagun batu dira ekimenera. Herritarrek uztailean eta abuztuan zehar asteartero eta ostegunero kontatuko dizkiete ipuinak bertaratzen direnei. Gaur izango da lehenengo saioa. Gurutz Garmendiak estreinatuko du egitasmoa, 18:00etan. Osteguneko saioa ere aurreratu dute antolatzaileek, eta bigarren ipuin kontaketa Yamelli Prietok eskainiko du, ordu berean. Ate berriek herritarren irisgarritasuna bermatzea dute helburu. (Ane Olaizola/Hitza) Astero izango dira saioak, andramariak ospatuko dituzten astean, abuztuaren 12tik 18ra bitartean, izan ezik. Askotariko ipuinak plazaratuko dituzte, umeei nahiz helduei zuzendutakoak. Liburutegiak jakinarazi duenez, deialdian izena eman duten lagunek saio bat baino gehiago egingo dituzte epe horren barruan. Dena den, udara begirako ekimena izan da liburutegiak prestatu duena. Beraz, ez dute argitu irailean egitasmoarekin jarraituko duten ala ez. Liburutegiko irisgarritasuna bermatzeko asmoz, bestetik, udalak sarrerako ateak aldatu ditu. Orain arteko ateek zeukaten pisuaren ondorioz, elbarrituek edota ume-kotxea zeramatenek arazoak izaten zituzten euren kabuz liburutegira sartu eta handik irteteko. Horri aurre egiteko asmoz, aldatu egin dituzte ateak, eta aurrerantzean automatikoki zabaltzen diren gidaridun ateak izango dituzte. Udalak adierazi du Denon Herrixen parte hartze prozesuan jasotako eskakizunen ondotik egin dituela aldaketak. Izan ere, irisgarritasuna hobetzeko hainbat egitasmo onartu zituen udalak aurtengo aurrekontuetatan, eta horietako bat izan da liburutegikoa. Ordenagailua eta e-book-a Liburutegian izango da aldaketa gehiago ere. Erabiltzaileek liburu elektronikoa eta ordenagailu eramangarri bana izango dute erabilgarri aurrerantzean. Liburu elektronikoa etxera maileguan eraman ahal izango dute herritarrek, eta ordenagailua liburutegian bertan erabiliko dute. Dagoeneko martxan da zerbitzua, eta horren inguruko araudia argitaratu du Aizkibelek. Bi tresnak erabiltzeko beharrezkoa da adin nagusikoa izatea. Liburu elektronikoari dagokionez, liburutegiko bazkide izan behar da, eta mailegua hamabost egunekoa izango da. Epez kanpo itzuliz gero, ohiko liburuekin ezartzen duten bezalako zigorra jasoko dute. Aurrez erreserba daiteke e-book-a, eta erabiltzailea izango da tresnaren arduraduna; hau da, egoera onean itzuli beharko du, eta galduz edo puskatuz gero, berria erosi beharko du. 180 euroko prezioa du tresnak. Beste norbaiti utziz gero, erabiltzailea izango da arduraduna. Horrez gain, ezin izango dute konfigurazioa aldatu. Ordenagailu eramangarriari dagokionez, erabiltzaileek liburutegiko txartela edo NAN txartela erakutsi beharko dute. Hasiera batean, gehienez bi orduz erabili ahal izango da, baina inor zain ez baldin badago behar adina denboraz eduki ahal izango du erabiltzaileak. Liburu elektronikoarekin bezala, ezin izango du konfigurazioa aldatu, eta eginez gero zigorra jasoko du. Erabiltzaileak izango du ordenagailuaren ardura, eta puskatuz gero hark ordainduko du konponketa. Era berean, liburutegiko langileek ez dute laguntza teknikorik eskainiko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide