Kontu auzitegiaren txostena
Hainbat lursail tasaziorik eta balorazio txostenik egin gabe saldu zela ondorioztatu du ikuskaritzak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Kontu Auzitegiak Azkoitia Lantzen udal sozietate publikoaren ikuskaritza egin du, eta udalaren 2010eko ekitaldiari dagokion fiskalizazio txostena argitaratu du. Azkoitia Lantzen-i dagokionez, legea betetzearen eta urteko kontuen inguruan plazaratu duen iritzia «aldekoa» bada ere, urte horretan «arau ez betetzeak eta salbuespenak» izan zirela nabarmendu du auzitegiak.
Ebazpenak dioenez, Azkoitia Lantzen-ek lurrak besterendu zituen 10 milioi euroren truke. Txalon Errekako industriagunean 6,6 eta 3,4 milioi eurotan bi sail saldu zituen, zehazki. Kontu auzitegiaren arabera, ordea, eragiketa hori justifikatuko lukeen «administrazioko espedienterik» eta prezioa zehazteko «balorazio txostenik» egin gabe gauzatu zen operazioa. Zentzu horretan, Asier Aranbarri orduko alkateak (EAJ) Efe albiste agentziari erantzun dio salerosketarako «balorazio zehatza» egin ez bazuten ere, planak «sektorearen balorazio zabala» zuela.
Beste arau urraketa bat ere aipatu du ikuskaritzak: lursail bat besterentzeko prezioa eta beste bat erosteko prezioa lau milioi eurotan adostu zuten, «ondasunaren merkatuko balioa ezagutzeko bide emango zuen balorazio txostenik egin gabe». Urteko kontuei dagokienez, hainbat «salbuespen» aipatu dute. Hala nola, «lursail eta eraikuntzek egun izango lukeen balio garbia ezagutzeko bidea emango zion aditu independenteek egindako tasazio eza».
«Arduraz» jokatzeko deia
Udalak duela bi aste jaso zuen txostena, eta Udal Gobernuak jakinarazi duenez, udal teknikari eta abokatuak edukia «ondo eta sakon» ari dira aztertzen, «behar bezalako ondorioak atera, eta dagozkion neurriak hartzeko». Ebazpenaren balorazioa egin aurretik adituek txostena ondo azter dezaten nahi dute. «Zuhurtziaz eta arduraz jokatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, gai delikatua eta garrantzitsua delako». Dena den, honakoa adierazi du Bilduk: «Kontu auzitegiaren ustez, Azkoitia Lantzen-en kontuek ez dituzte jasotzen sozietate publikoaren konpromiso ekonomikoak eta betebeharrak. Horrez gain, txosten horrek ez ditu udalak egindako alegazio guztiak jaso. Batzuk bakarrik hartu ditu aintzat, eta horren zergatia ere jakin nahi dugu, prozedura hori ez baita ohikoa izaten».
EAJk balorazioa egin du, eta esan du udalak «zuzentasunez» bete zuela 2010eko ekitaldi finantziarioa, ebazpenaren zati bati erreferentzia eginez. Jeltzaleen «jarrera» salatu du Bilduk, eta azpimarratu du aurreko agintaldiko «kudeaketa okerraren ondorioz» dagoela egun erakundea «egoera larrian». «Haren porrotak udala oso egoera larrian utz dezake, eta horrek zuzenean kaltetuko lituzke herritarrak», ohartarazi du, gainera. Horri aurre egiteko «irtenbide egokiena» ematen ari direla gaineratu du koalizioak. Eta «arduraz» jokatu dezan eskatu dio EAJri: «Interes partidistak eta arinkeriak alde batera utzi, eta euren ardura onartu beharko lukete, jakin badakitelako egoera larri honen erantzuleak eurek direla». Bestetik, «harrigarritzat» jo dute txostena udalera iritsi zenerako Aranbarrik hedabideetan ebazpenaren balorazioa egin izana; EAJko bozeramaile Mikel Zubizarretak, bere aldetik, adierazi du txostena ekainaren 14tik dagoela ikusgai EAEko Kontu Auzitegiaren webgunean, udalera geroago iritsi bazen ere.