Elkarguneko etxabea «musika eremua» izango da aurrerantzean

Ane Olaizola 2013ko ekainaren 26a

Bandako, musika eskolako eta udaleko ordezkariak, gaur, Elkargunearen aurrean. (Ane Olaizola/Hitza) Elkarguneko etxabean biltegi bezala erabiltzen diren lokalak aprobetxatu, eta musikarako eremu gisa egokituko du Azkoitiko Udalak. Bizkargi musika eta dantza eskola eta musika banda hara aldatuko dituzte, eta herriko musika taldeek ere bertan izango dute entseguak egiteko txokoa. Hala aurkeztu dute gaur udaleko, musika eskolako eta bandako ordezkariek «Elkargune musikala». Azkoitian musikaren inguruan aritzen direnen «beharrei erantzuteko asmoz» egokituko dute Elkargunea. Pello Bastarrika alkateak gogoratu du musika eskola «aspalditik» ari dela egoitza berritzeko eskatzen. Besteak beste, egungoa «zaharkituta» dagoelako, irisgarritasun arazoak dituelako, «txikiegi» geratu zaielako eta ez dituelako segurtasun neurriak betetzen. «Udalean sartu ginenean, musika eskola gaur egun dagoen eraikinean sotoa egiteko eta igogailua eraikitzeko proiektua zegoen mahai gainean, 500.000 euroko aurrekontuarekin. Talde politiko guztiak ados geunden proiektu honen lehentasunarekin». Musika eskolaz gain, bandak «insonorizazio arazoak» dituela nabarmendu du, eta insonorizatutako lokalen premien dauden musika taldeak ere badirela gehitu. Hori hala, «irtenbide bateratua» eman nahi izan die udalak, eta horretarako Elkargunea leku aproposa dela uste du. «Udalak dituen azpiegiturak aztertu ditugu, egokitze lanen kostuak kalkulatu ditugu, eta aukera batzuk aztertu ostean, irtenbide egokiena Elkargunearen beheko aldean libre dagoen lokal handira bideratzea dela erabaki dugu guztion artean». Horrez gain, ondoko lau lokal eta taberna alboko beste aretoa ere proiektuan sartuko dituzte. Azken hori «sortutakoa kaleratzeko gunea» izango da, eta musika ekitaldiak egiteko egokituko dute. Proiektu osoak 1.400 metro koadro inguruko espazioa hartuko du. «Espazio batzuk partekatu egingo dituzte, eta araudi jakin bat izango dute erabiltzaile guztiek», jakinarazi du Urrategi Alberdi zinegotziak. Gainera, proiektuak hasierako helburuak baino harago dituela azaldu du. «Musika eskolaren eta herriko gainerako musika taldeen artean sare bat sortu nahi da, haien arteko elkarlana indartzeko. Finean, sormen kulturalerako eta elkarlanerako gunea izango da». Ordezkariak Bizkargi Musika Eskola atzean dutela, Elkargunerantz oinez (Ane Olaizola/Hitza) 2014ean martxan Gabonetarako egitasmoa «lizitatzeko moduan» izatea aurreikusten du udalak, eta orduan hasiko dituzte obrak. Lanak hamar hilabetean egitea espero dute, eta aurreikuspenak betetzen badira, 2014ko abenduan lokal berriak martxan jartzeko moduan egongo dira. Egitasmo osoak 500.000 euroko aurrekontua izango du, eta datozen hilabeteetan zehaztuko dute proiektua. Horretara 60.000 euroko partida bideratu zuen udalak 2013ko aurrekontuak onartu zituenean. Proiektu osoa finantziatzeko, berriz, foru funtsaz baliatuko dira: «2009an udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari itzuli behar zizkion 1.500.000 euroak 2010 eta 2013 artean ordaindu ditu. Aurten amaitu du ordaintzea, eta hurrengo urtean zamarik ez duenez izango, hortik aurreikusten dugu ordaintzea». Udaleko ordezkariek adierazi dute egitasmoa taldeekin eta eragileekin «elkarlanean» diseinatuko duela. Dagoeneko bilerak egin dituzte taldeetako kideekin, haien beharrak ezagutzeko asmoz. Zentzu horretan, musika eskolako eta bandako ordezkariek «positibotzat» jo dute Elkargunera aldatzea. «Bandak eta musika eskolak elkarlanean jardungo dute, eta leku berean izateak erraztu egingo du lankidetza», uste du Mari Jose Arregik, musika eskolako zuzendariak. Honek beharrezkotzat jo du proiektua, egungo lekuan «arazoak» dituztelako. Jon Larrañaga bandako ordezkaria ere bat dator Arregirekin: «Baztartxon egiten ditugu entseguak, eta ondoko etxebizitzetakoek kexatu izan dira zarata handia egiten dugulakoan. Musika eskola eta banda leku berean egotea oso egokia da, bandaren harrobia musika eskola delako». Erabilera berria Musika eskola lekuz aldatzean, egungo eraikina hutsik geratuko da. Horren aurrean, Alberdik adierazi du herritarren ekarpenak jasoko dituztela eraikinarekinari zer erabilera eman erabakitzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide