Izibene Oñederra: «Kimuak-eko katalogoan egonik, badakit filma ondo zabalduko dutela»

Ane Olaizola 2013ko ekainaren 25a

(Ane Olaizola/Hitza) Izibene Oñederra (Azkoitia, 1979) artistak Hotzanak, for your own safety animaziozko film laburra egin du, eta aurtengo Kimuak katalogorako aukeratu du Euskadiko Filmategiak. 75 proposamenen artean zazpi lan aukeratu ditu epaimahaiak, eta horietako bat da azkoitiarrarena. Besteak beste, film laburren «maila altua» nabarmendu dute epaimahaiko kideek, eta , ondorioz, guztien artetik «zazpi baino ez» aukeratzeko zailtasuna. Oñederrak, bere aldetik, «lasaitasun handiz» jaso du berria. Izan ere, badaki zer den katalogoko parte izatea: 2007an Oñederraren Hezurbeltzak filma hautatu zuten, eta 2008an, berriz, beste zuzendari batzuekin batera egindako Berbaoc ikus-entzunezkoa. Hotzanak, for your own safety Donostiako Zinemaldian aurkeztuko dute ofizialki, hautatutako gainontzeko lanekin batera. Zer kontatzen du Hotzanak, for your own safety film laburrak? Zinemagile bati aireportuan gertatzen zaion istorioa kontatzen du. Poliziak protagonista atxikitzen du, eta honek ez daki zergatik. Ez diote adierazten, baina sistemak eskatutakoa eginarazten diote. Hasiera batean, istorio kafkiarra dirudi. Bai, hala da, baina guztiz erreala da gertatzen zaiona. Edozeini gerta dakioke. Zer transmititu nahi duzu lan honekin? Narrazioari dagokionez, aurrekoen aldean errealistagoa da. Hezurbeltzak film laburra emozionalagoa zen; bazuen kutsu onirikoa. Film honetan ere antzeman daiteke onirikotasuna, baina hori justifikatzeko narratiba zehatz bat dago. Horretarako gogoa nuen, baina izan dut zailtasunik. Zinemaren mundua eta lengoaia eraikitzea uste baino zailagoa da. Euskarazko filma al da? Euskarazkoa dela esango nuke. Pertsonaiaren pare bat pentsamendu entzun daiteke, euskaraz eginak, baina istorioa aireportu batean gertatzen da, eta bertako sistema islatzeko ingelesa entzuten da. Beste hainbat lagunekin batera egin duzu filma, ezta? Animaziozko lan bat egiteko beti da beharrezkoa taldea. Oraingoan nik marraztu dut, eta hori ez da ohikoa. Oro har, marrazten duen norbait egoten da, eta taldeko beste batek margotu egiten du, eta besteak story board-a egin. Baina kasu honetan hori guztia nik egin dut. Isabel Herguera animatzaileak lagundu dit, eta musikari batzuk egin dute soinu banda. Egin duzun hirugarren film laburra da. Oraingoak badu berezitasunik aurrekoekin alderatuta? Esango nuke bi film labur egin ditudala; Hezurbeltzak eta Hotzanak, For Your Own Safety, eta tartean lan txikiak daude. Oraingo filma narrazioak egiten dio bereizgarri. Ulergarriagoa egiten duela iruditzen zait, baina gauzak irekita uztea gustatzen zait; ez litzaidake gustatuko guztiek istorioa modu berdinean ulertzea. Baina ikusleari eman dizkiot karta batzuk filman gehiago sartu dadin. Zer eragiten dizu Kimuak katalogoan sartu izanak? Lasaitasun handia sentitu dut; prozesua itxi egin dela esan nahi du. Asko kostatu zait egitea, urte luzeetako lana izan da. Orain, ordea, badakit filma ondo zabalduko dutela; filma egitea bezain garrantzitsua da zabaltzea, eta badakit lana ondo egingo dutela. Zentzu horretan, berme bat da katalogoan hautatua izatea. Zazpi film laburrek osatzen dute 2013ko Kimuak. Nolako katalogoa dela esango zenuke? Ez ditut lan guztiak ikusi, beraz, ez dakit nolakoa den. Baina, entzun dudan arabera, dokumentalek hartzen dute tarterik handiena. Borja Cobeaga  edota Asier Altunaren lanak daude, besteak beste. Zinemagile ospetsuak dira, eta estilo propioa dute horiek. Une hauetan baduzu proiekturik esku artean? Antiheroien iguruko doktoretza dut egiteko, eta hori da egun dudan proiekturik garrantzitsuena;  horretan sartuko naiz orain buru-belarri; izan ere, konturatu naiz ezinezkoa dela bi gauzak aldi berean egitea. Horrez gain, haurrei animazio tailerrak ematen dizkiet; beraz, bi gauza horiei eutsiko diet orain.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide