Hondakinen lantaldea, herenegun egin zuten saioan (Argazkia: Azkoitiko Udala)
Azkoitiko hondakinen lantaldeak azken saioa egin zuen herenegun arratsaldean. Parte-hartzaileek hondakinen kudeaketaren inguruko informazioa jaso zuten aurreko saioetan, eta horietan oinarrituta atera zituzten ondorioak herritarrek. Era berean, hondakinen inguruko hainbat puntutan ados jarri ziren bertaratu zirenak, eta haien ustez bilketa ereduak bete beharko lituzken irizpideen inguruko proposamena helarazi zitoen Azkoitiko Udalari.
Hondakin bilketari dagokionean, lantaldeak adostu du beste eredu bat ezarri beharko litzatekela hurrengo urterako. Izan ere, taldearen ustez, 2014tik aurrera Azkoitiko birziklatze tasak %70ekoa izan beharko luke.
Gainera, tasa hori hurrengo bi urtetan %80 eta %85 bitartera igo beharko litzatekeela nabarmendu du, eta hala izan ezean, «neurri zuzentzaileak» hartu beharko liratekela ondorioztatu. Taldeko kideen iritziz, sistema berriak gaika bildutako hondakinen «kalitatea bermatu» beharko luke, eta eredu berri horrek «errefusari ateak itxi» beharko lizkioke.
Bilketa ereduaz gain, beste hainbat puntu ere jorratu zuen taldeak. Hondakinak gaika biltzea «herritar guztien betebeharra» izan behar lukeela adostu zuen, batetik. Bestetik, gaiaren inguruko sentsibilizazioa herriratzeko prebentzio politikak «beharrezkoak» izan beharko luketela nabarmendu du. Adostutako ezaugarri horiek betetzeko dituen eredua zehazterako orduan, gainera, «irizpide teknikoak» hartu beharko dira kontuan, taldekieen arabera.
Horiek dira taldeak zehaztutako irizpideak, udalak hondakinen kudeaketa erabakitzerakoan «kontuan hartu beharrekoak». Lantaldean parte hartu dutenek zera eskatu diote udalari: hodakinen kudeaketa egokia zehazteko prozesua arin dezala, eta «ahalik eta adostasun handiena» lor dezala.
Hiru hilabeteko prozesua
Martxoan eratu zuten hondakinen lantaldea Azkoitian, eta ordutik egin dituzten saioetan askotariko gaiak jorratu dituzte; besteak beste, Gipuzkoako Hondakinen Planaren, bilketa eredu anitzen edota herriko datu ekonomikoen inguruan hausnartu dute.