Arruabarrena, menhir bati eutsita.
Ogibidez ez da arkeologoa Juan Mari Arruabarrena (Azkoitia, 1958), Azkoitiko Munibe Arkeologia Taldeko kidea, baina maite du mundu hori. Afizioak eraman du bizitzaren zati handi bat kultur ondarea ikertzeari eskaintzera, gizakiak gizaldiz-gizaldi utzi dituen arrastoak berreskuratzeak eragiten dion pozak bultzatuta. «Batzuentzat tontakeria eta denbora galtzea izan daiteke lurra mugitzen aritzea, zer edo zer aurkituko dugun esperantzan. Baina zerbait ateratzen dugunean, gozamen hutsa izaten da», aitortu du. Ia berrogei urte darama Azkoitiko arkeologia taldearekin lanean, eta Euskal Herriko lurrak ez ezik, Saharakoak ere ondo asko ezagutzen ditu. Duela zazpi urtetik hango etnografia, arkeologia eta toponimia aztertzen dihardu Arruabarrenak, beste bi lagunekin batera. Urtero hilabete oso bat pasatzen dute han, eta aurten ere ez dute hutsik egin, horretarako zorian egon badira ere. «Urtarrilaren 28an ginen joatekoak, baina hiru egun lehenago jakinarazi ziguten ez genuela joaterik izango, Maliko gerraren ondorioz Aljeriak ez zigulako uzten Tindufeko kanpamenduetara joaten. Uste genuen aurten ez ginela joango, baina berriro deitu gintuzten, eta martxoan joan ginen azkenean».
Ohi baino beranduago joan dira Saharara Arruabarrena eta taldea osatzen duten Andoni Saez Buruaga arkeologoa eta EHUko irakaslea eta Etor Telleria arkeologoa. Atzerapenak, ordea, ez die galarazi helburuak betetzea. Saharako inbentario arkeologikoa egitea dute asmoa, eta aurrez zehaztutako proiektu bat lantzen dute aldiro. Gainera, «urtero bezala», aurten izan dute berrikuntzarik. «Oso margolan arraroak ikusi ditugu, orain arte aurkitu gabekoak. Pertsonak jirafak ehiztatzen ageri dira neolito garaiko margolanetan, eta pertsonek neurriz kanpoko buruak dituzte. Pentsatzen dugu hango errituei erreferentzia egiten dieten margolanak izango direla».
Helburua bete badute ere, ohi baino geroago joateagatik hainbat oztopo izan dute; beroa, besteren artean. «Hiru egunetan 46 gradu harrapatu zituen termometroak; zenbait ordu oso gogorrak izaten dira lanerako, eta eguzkiak agintzen du noiz hasi lanean eta noiz bukatu». Arruabarrenak aitortu du beroak asko zaildu diela eguneroko jarduna.
Eremu aberatsa
Hilabetea Saharan pasatzeko, aurrez ondo zehaztu behar izaten dute hango egonaldia. «Bertako hiru lagunek laguntzen digute bidaian zehar, eta militarrak ere gurekin ibiltzen dira. Aurrez jakinarazten diegu zenbat egun igaroko ditugun eta nondik nora ibiliko garen. Janaria eta bitartekoak erosten dizkigute bidaiarako». Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetara (Aljeria) joaten dira lehendabizi, eta handik hegoaldera dagoen eremuan egiten dute lan gero. «Guztia prestatuta izaten dugu joaten garenerako, eta hurrengo egunean abiatzen gara hegoaldera». Arruabarrenaren arabera, desertuko eremu hori oso gutxi aztertu izan da orain arte, baina ondarea oso aberatsa du. «Duela 10.000 urtera arte oso leku populatua zen hura, klima oso ona baitzuen, eta begetazio asko zegoen. Oinez ibiltzen bakarrik garai hartako aztarna ugari aurki daitezke». Orduko bizimoduaren eta errealitatearen isla dira hango aztarnak, eta leku populatua izanik, animalien grabatuak ohikoak dira hegoaldean. «Aztarna arkeologiko pila bat dago, gehiegizkoa da, eta oso erraz aurkitzen dira. Hemen egon badaude, baina ezkutuan, eta gauza asko mugitu behar da zerbait aurkitzeko. Han, haizeak hara eta hona mugitzen ditu, baina ia landarerik ez dagoenez, begi bistan daude asko».
Arkeologoentzat «leku ederra» dela aitortu du azkoitiarrak, eta horren adierazgarri dira orain arteko datuak. Saharara joaten hasi zirenean soilik 15 aztarna zeuden erregistratuta, eta orain 900 artxibo daude, bizitokiei, aterpeei, kobei edota grabatuei dagozkienak, besteak beste. Hilobiak ere erruz aurkitu dituzte azken urteetan. «2.000 hilobi baino gehiago aurkitu ditugu: menhirrak, dolmenak... Euskal Herrian ikusten ez diren formak dituzte». Orain arte aurkitu duten aztarna zaharrenak 500.000 urteko dituela gaineratu du. «Ikusi dugun monumenturik handiena, berriz, 800 metrokoa izan da.
Oso ikusgarriak dira harriekin egindako antzinako monumentuak». Aztarnen kantitadea dela eta, hilabeteko egonaldia motz geratzen zaie arkeologoei. «Ez dugu astirik izan guztia aztertzeko». Beraz, aurten ikertu ez dutena hurrengo urterako utzi dute, itzultzen direnean milaka urte atzera egin ahal izateko.