Azkoitiko V. Garagardo Azokan 11 mota egongo dira dastagai aurten

Urola Kostako Hitza 2013ko ekainaren 6a

Ekainarekin batera, garagardo zaleek hitzordu garrantzitsua izaten dute Azkoitian. Azken egunetan herriko plazan jarri duten karpa zuri handi batek iragartzen duen bezala, Garagardo Azoka egingo dute bosgarren urtez jarraian. Gaur arratsaldean zabalduko ditu ateak, eta bi asteburutan mota askotako garagardoak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Azpeitia-Azkoitia Iraurgi ISBk antolatu du azoka, Azkoitiko Udalaren eta tabernarien elkartearen laguntzarekin. Saskibaloi taldeko lehendakari Iñaki Uriak adierazi duenez, azken urteetako «erantzun ona» ikusita, «errepikatzeko gogoz» daude aurten ere. Ohi bezala, kirol arloan urtean zehar «nabarmendu» diren pertsonek inauguratuko dute azoka, eta aurten Anaitasuna Futbol Taldeko jubenilei egokitu zaie zinta moztea. «Izugarrizko denboraldia egin dute», dio Uriak. Izan ere, mailaz igotzeaz gain, Jubenilen Euskal Liga irabazi dute, Anaitasuna futbol taldearen historian lehenengo aldiz. Aurten 11 garagardo mota izango dira aukeran azokan, «batzuk arruntak eta besteak bereziak». Uriak nabarmendu du egungo egoera ekonomikoa kontuan izan dutela, eta, horregatik, eskaintza bereziak egingo dituzte. Besteak beste, bost txartel erosten dituztenei seigarrena doan emango diete. Bestetik, «gehien» edaten den garagardo berezia arruntaren prezioan saldutako dutela gaineratu dute. Jana, edana eta musika Gaur 20:00etan zabalduko dute Garagardo Azoka, eta bihar eta larunbatean 19:00etatik aurrera egongo da irekita. Aurreko urtean bi asteburutara luzatu zuten ekimena, eta orduan izan zuen harrera ikusita, aurten ere hala egitea erabaki dute. Hori hala, hilaren 14ean eta 15ean ere irekita egongo da, 19:00etatik aurrera. Egun guztietan 02:00ak arte egongo da zabalik. Edariaz gain, janaria ere eskainiko dute, eta dagoeneko ohitura bihurtu den lez, ukondoa, saltxita eta oilasko errea prestatuko dituzte, besteak beste. Azoka egunetako antolakuntzarako eta bestelako lanetarako Azkoitia-Azpeitia ISBko kideen eta horien gertukoen laguntza izaten dutela nabarmendu du lehendakariak. Giroa hobetzeko eta jendea erakartzeko zuzeneko musika eta bertso saioak ere prestatu dituzte. Bihar gauean Azkoitiko Bertso Eskolako kideak bertsotan arituko dira, trikitilarien laguntzaz. Hurrengo astebururako ere musika saioren bat prestatzeko asmoa azaldu dute. Uriaren arabera, eguraldiak edo datak bezero kopurua baldintza dezake, baina beste urte batez harrera ona izango duelakoan dira. Aurreko urtean 3.000 litro garagardo baino gehiago kontsumitu ziren azokak iraun zuen bitartean, antolatzaileen arabera. Hori hala, antolatzaileek azokara gonbidatu dituzte herritarrak eta bisitariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide