Martiriterako bide berria egiteko lanak hasi ditu Aldundiak

Urola Kostako Hitza 2013ko maiatzaren 27a

Luizi handi batek Azkoitiko Martirieta auzoko GI-3172 errepidea eraman eta lau hilabetera, bide berria egiteko eta eremua konpontzeko lanak abiatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Altuna y Uria enpresak gauzatuko ditu obrak, eta gaur arratsaldean abiarazi dituzte lehen jardunak langileek. Altuna y Uriako langileak ez ezik, Aldundiko eta Ingek enpresako arduradunak — hark egin du azterketa geologikoa—luizia gertatu zen lekuan bertan izan dira, lanen nondik norakoak azaltzeko. Aldundiko Bide Azpiegitura zuzendari Joseba Altubek adierazi zuenez, goikaldetik hasiko dituzte lanak; mendiaren malda berdintzea eta drainatzea izango dira egin beharreko zeregin nagusiak, eta errepide parean mailakatutako harri-lubetak egingo dituzte. Hangoak amaitutakoan, kaltetutako eremuaren behealdean hasiko dituzte lanak, eta han ere lurra berdinduko dute. «Lapatza baserrira eta San Juan oilo-haztegira doan errepidera iristeko eta maldako lurrak berdindu eta eusteko karel edo parapetoa egingo da». Guztira 16.000 metro kubiko lur gehituko dute zorua berdintzeko, eta lan handiena errepidea zegoen lekuaren parean egingo dutela adierazi zuten, eremua gehiago ez kaltetzeko, besteak beste. Hasiera batean hi hilabeterako lanak izango direla aurreikusi dute. Hala izanez gero, uztail amaierarako zabalduko lukete errepide berria. Baina, orain arte gertatu den bezala, eguraldiak goitik behera baldintzatuko ditu zehaztutako epeak, eta euria eginez gero, lanak atzeratu egingo direla nabarmendu dute. «Eguraldiaren menpean gaude erabat». Izan ere, azken hilabeteetan egin duen eguraldiak konpontze lanak oztopatu egin ditu. «Urteko lehenengo lauhilabetea mende honetako euritsuena izan da. Zentzu horretan, oso zorte txarra izan dugu». Ondorioz, luizia gertatu zen eremuan ia bi hilabetez lanik ezin eginda egon direla adierazi zuen Altubek. «Sei metroko lokatza aurkitu dugu, eta haitz gogorra bilatzeko azterketak egin behar izan ditugu. Langileen segurtasunarengatik atzeratu egin dira lanak». Bitartean, goiko eremuan dagoen Amutxastegi baserriko zelaietako ur korronteak desbideratu dituzte, lurra egonkortzeko asmoz. Hilabeteko prozesuan egin dituzte ikerketak, eta «alternatibak aztertu» ondoren zehaztu dute proiektua. Gastuei dagokienez, Aldundiak jakinarazi du orain arteko lanek 260.000 euroko kostua izan dutela. Aurrerantzean egitekoak direnek, berriz, 345.000 euroko aurrekontua dute. Auzotarrak, pozik Martirietako bizilagunek, berriz, «oso gustura» jaso dute berria. «Egunero hara begira gaude, lanak noiz hasiko zain. Orain, behintzat, ikusten dugu makinak hor daudela, eta horrek asko lasaitzen gaitu», adierazi dio Martirietako auzo alkate Iñaki Soraluzek Urola Kostako Hitza-ri. Lanak hasi bitarteko denbora «luze» egin bazaie ere, atzerapena «ulergarria» dela azpimarratu du. «Badakigu euri asko egin duela azkenaldian, eta horren ondorioz langileek ezin izan dutela lanik egin». Olotzatik hasi, eta Rezola eremua zeharkatzen duen ordezko bidea erabiltzen dute auzotarrek herrira joan-etorriak egiteko. Baina bidea aldapatsua eta bihurgunez jositakoa izanik, hainbat oztoporekin egin izan dute topo. «Ordezko bidea ez da irtenbide txarra, baina baditu arazoak. Egunean ibilgailu asko ibiltzen dira, eta baserritar askok egunean behin baino gehiagotan joan behar izaten dute herrira. Errepidea ez da horretarako oso egokia». Gainera, jende gutxiagok jotzen duela auzora uste du, eta «giroa gutxitu» egin dela dio. Behin-behineko errepidea autoek eta kamioi txikiek erabil dezakete, eta horren ondorioz hainbat baserritar moztutako egurra atera ezinik daude azken hilabeteetan, horretarako kamioi handiak behar baitituzte. Uztailean, gainera, lasto garaia hasiko da, eta ganaduarentzako urte osorako generoa jasotzeko ere ordezko errepidea ez dela nahikoa izango nabarmendu dute. Beraz, egoeraren aurrean, Aldundiari eskatu diote bide nagusia egitekoa diren eremuan, eta hori «amaitu arte zain egon beharrik gabe», baserritarrentzat behin -behineko igarobide bat zabaltzeko, behar dutenean tamaina handiko ibilgailuekin bertatik ibili ahal izateko. Aldundiak, bere aldetik, gogoratu du Olotzatik egin duten bideari esker «irisgarritasuna bermatu» dietela auzko bizilagunei, eta bidea «egun gutxitan» egin zutela nabarmendu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide