Beitia, ezkerrean, Aldaxkako taldekideekin.
Aldaxka taldeak Azkoitiko 22. Musikaldia itxiko du bihar. Santa Kutz komentuan izango da Itziar Beitia (Azkoitia, 1982) piano-jotzailea, Jone Bolibar klarinete-jotzailea eta Miren Urbieta sopranoa ondoan dituela. Hirurek osatzen dute Aldaxka, «ilusio handiko taldea». Hala eskainiko dute kontzertua, musika klasikoa herriratu eta musikagile ezagunen piezak berreskuratzeko asmoz.
Lehenengo aldia izango al da Azkoitiko Musikaldian izango zarena?
Bai. Aurretik ere Santa Kutz elizan izan nintzen, bakarlari gisa. Udalak eta musika eskolak eman zidaten saio bat eskaintzeko aukera, programazio ofizialetik kanpo. Pianoan jarduteagatik egin nuen, eta gertukoen aurrean. Orain taldean arituko naiz. Gehiago gozatzen dut taldean jota. Bakarrik jotzeak ez nau horrenbeste motibatzen, egia esan.
Zer eragiten dizu Azkoitiko Musikaldian aritzeak?
Ilusio handia egiten dit. Horrelako programazioek izen handiko artistak izaten dituzte tartean. Kalitateari dagokionez, beharbada ez gara haien parekoak, baina Aldaxkak egin dituen kontzertuak garrantzitsuak izan dira. Oñatiko Musikaldian edota Gasteizko Bernaola Jaialdian izan gara. Ardura handia sentitzen dut herrian aritzean, baina oso gustura gaude. Musika klasikoa egiten dugu, eta askok ez dute estilo hori etxekotuta. Baina ezagutzen dudan jendeak zer egiten dugun ikus dezan nahiko genuke.
Nola sortu zenuten taldea?
Musikenen ikasitakoak gara, eta zerbait egin nahi genuen hirurok. Aparteko lana dugu guztiok, eta hainbat arrazoi dela medio une zehatzetan elkartzen gara.
Musika klasikoa jorratzen duzue. Zein dira zuen erreferentziak?
Klarine-jotzailea, sopranoa eta piano-jotzailea gara, eta gisa honetako formaziorako egokitutako obrak interpretatu nahi genituen. Egia da ezohiko formazioa gara. Beraz, errepertorioa oso mugatua da. Louis Spohr, Franz Schubert edota Jesus Guridi musikagileen piezak joko ditugu.
Zer ibilibide duzu musikagintzan?
Donostian goi mailako ikasketak egin nituen, eta urtebetez Alexander Kandelaki piano-jotzailearekin pianoa hobetzen aritu nintzen Badajozen (Espainia). Gero, pianorako pedagogia ikasi nuen Musikenen, eta amaitzean Gasteizko kontserbatorioan hiru urtez aritu nintzen lanean. Egun, Bilbon ematen ditut eskolak. Irakaskuntza uztartzen dut jarduera honekin, baina ez naiz aritzen bakarlari gisa. Aldaxarekin ibiltzeaz gain, beste musika tresna jotzaileei laguntzen diet.
Azkoitiko beste talde batzuekin ere ibili izan naiz; Shugarballs, Jorghino edota Patta ta Sendaezinekin, baina horiekin ez dut aurrera egin. Hain formala eta zorrotza ez den musika landu nahi nuen; beste ahalmen eta estilo batzuk garatu nahi nituen.
Orduan, zure bizitzaren zati handia musikari eskaini diozu, ezta?
Bai. Guztiok eskolan hasten gara musika ikasten, eta inertziaz jarraitzen dugu aurrera. Baina une bat iristen da jarraitu edo ez erabaki behar duzuna, eta nik segitzea hautatu nuen.
Pop, rock, blues... Estilo asko jorratu dituzu. Aukera asko ematen al du pianoak?
Modu intuitiboan egin izan dut, bat-batekotasuna landu nahi nuelako. Pianoak aukera asko ematen ditu, estilo anitzak jorratzeko aukera, dudarik gabe. Edozein musika egokitu daiteke estilo askotara; kontua da nola erabiltzen den.
Zaila al da pianoaz bizitzea?
Planteatzen duzun moduaren arabera izan daiteke zaila. Soilik interpretatzaile bezala bizitzea oso zaila dela iruditzen zait; oso ondo egin behar duzu zure bidea. Ni ez naiz inoiz saiatu soilik bakarlari gisa bizitzea; oso gogorra izango litzateke. Lanbide bezala gertuago ikusten dut irakaskuntza. Baina biak oso lotuta daude; erakusten ari naizenean asko ikasten dut, eta ikasten ari naizena gero praktikan jarri behar da.