Pentekoste jaiak Azkoitian Martirietan, gaurtik

Ane Olaizola 2013ko maiatzaren 17a

Iturbide pandero-jotzailea eta Errota soinu-jotzailea omendu zituzten 2009ko Pentekoste jaietan. (Argazkia: Ibon Errazu) Eskualdean jaiak ez du etenik, eta asteburuan ere ospazkinak izango dira hamaika txokotan; Azkoitiko Martirieta auzoaren txanda izango da orain, Pentekoste jaiak ospatuko baitituzte gaurtik aurrera; aurreko urtetako egitarau antzekoa izango dute auzotarrek, eta giro herrikoia izango da nagusi. Martxoan Emeterio eta Zeledonio festak bertan behera utzi zituzten antolatzaileek, luiziaren eraginez egin beharreko ordezko bidea amaitu gabe zegoelako oraindik. Dagoeneko, erabilgarri dago, eta Martirietako festa batzordeak adierazi duenez, igandean udaltzaingoak bidea zaintzekoak dira; hala, auzotarrak ez ezik, herritarrak ere festetara hurbilduko diren esperantzaz dira antolatzaileak. Gaur hasiko dira pentekosteak, mus txapelketarekin; 22:00etan elkartean bilduko dira, eta bikoteek 20 euro ordainduko dute parte hartzeko. Lehenengo bikoteak 300 euro eta txapela jasoko ditu, eta bigarrenak eta hirugarrenak 200 eta 100 euro, hurrenez hurren. Bihar, berriz, bertso afaria egingo dute, Itzeder eta Epelde trikitilariek eta Mañukorta, Zeberio eta Mendizabal bertsolariek girotuta. Igandean jarraituko du festak, eta 11:00etako mezaren ondoren erromeria izango da nagusi auzoan. 18:00etan, berriz, aizkora eta harri jasotze erakustaldia izango da Olasagasti, Larrañaga eta Zalduaren artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide