Aurreiritziak saihesteko jardunaldiak hasiko ditu Azkoitiko Aniztasun Kontseiluak

Ane Olaizola 2013ko maiatzaren 1a

Romualdo Larrañaga (Caritas), Urrategi Alberdi (udala), Jimena Cardoso (Aniztasun Kontseilua), Mikel Mazkiaran (SOS Arrazakeria), Michaela Fortova (Aniztasun Kontseilua), Tere Aldalur (Auzoko) eta Aitor Oiarzabal (udala). (Ane Olaizola/Hitza) Azkoitiko Aniztasun Kontseiluak etorkinen inguruan sortzen diren zurrumurruak saihesteko bidean jarraitzen du. Duela hilabete azterketa hasi zuen, eta herritarrei galdegin zien etorkinei buruzko entzuten dituzten iritzien inguruan. Hain zuzen, Aniztasun Kontseiluak egindako galdeketaren arabera, herrian sarrien entzuten diren zurrumurruak hauek direla adierazi zuen taldeak herenegun: Etorkinak gizarte-laguntzei esker bizi dira; ez dute integratu nahi; gehiegi dira eta ezin ditugu gehiago onartu; neurriz kanpo erabiltzen dute euskal osasun-sistema, eta larrialdi zerbitzuak kolapsatzen dituzte. Bildutako informazioa aztertzen hasiko dira orain, «egiazkoak diren edo ez egiaztatu ondoren, benetako informazioa» kaleratzeko. Hala, Jatorri anitz herri bat lanketaren barruan, tailerrak antolatu dituzte lehen pauso gisa, SOS Arrazakeria taldearekin elkarlanean. Jardunaldien barruan hiru saio egingo dituzte. Lehenengoa hurrengo asteartean izango da, maiatzaren 7an. SOS Arrazakeria-ko Agustin Unzurrunzagak herrian gehien hedatuta dauden zurrumurruen azterketa azalduko du. Horrez gain, zurrumurruak sortzerako orduan erabiltzen dituzten diskurtso politikoak eta Europan hazten ari diren eskuin muturreko korronteak aztertuko dituzte. «Zurrumurruak nondik datozen eta zergatik sortzen eta barneratzen diren azalduko du», adierazi zuen Mikel Mazkiaran SOS Arrazakeriak-eko kideak. Bigarren saioa Xabier Aierdi  soziologoak eskainiko du, Kulturak eta identitateak. Aurreiritziak, estereotipoak eta zurrumurruak izenpean. «Zurrumurruak sortzerako garaian, faktore kultural eta erlijiosoek zer eragin duten» azalduko du. Era berean, mendebaldeko identitate kulturalak jorratuko dituzte maiatzaren 21ean. Azken tailerrean zurrumurruei aurre egiteko tresnak izango dituzte hizpide, ekainaren 4ean. Horretarako, Rafa Crespo Xarxa Antirumors zurrumurruen aurkako sareko kideak zurrumurruak nola funtzionatzen duten eta herritarrengan zer eragin duten azalduko du. Horrez gain, zurrumurruak nola geldiarazi daitezkeen azalduko du. «Zurrumurruak bertan behera uzteko gaitasun batzuk behar ditugu», uste du Mazkiaranek. Ikastaro guztiak Azkoitiko Elkargunean egingo dituzte, 18:00etan. SOS Arrazakeria-ko kideak adierazi zuen jardunaldien helburua herrian talde bat eratzea dela, etorkinen inguruan sortzen diren usteei aurre egiteko. «Herritarrak formatu nahi ditugu, ondoren beren arloan zurrumurruen kontra egiteko tresnak izan ditzaten». Izan ere, Mazkiaranek adierazi zuen zurrumurruak elkarbizitzarako «muga» direla, eta horiek¡ amaitzeko beharra nabarmendu zuen. «Alboan duguna ondo ezagutu nahi badugu ezin ditugu eduki estereotiporik». Aniztasuna, «aberastasuna» Aniztasun Kontseiluak, bere aldetik, berretsi zuen egitasmoaren funtsa elkarbizitza hobetzea dela. «Azkoitian jatorri askotako jendea bizi gara, eta guztiok gara azkoitiarrak. Denon artean eraiki behar dugu gure herria». Taldeko kide Jimena Cardosok azaldu zuenez, «sekulako aberastasuna dugu herrian»; «gutako bakoitzak daukagu zerbait aportatzeko, eta hori aprobetxatuz herri honek aurrera egingo du, edozein dela ere gure jatorria». Hala, antolatzaileek dei egin die herritarrei tailerretan parte hartu dezaten. Horretarako ostiralerako izena ematea komeni da, 943-08 00 80 telefonora deituta edo aitor@azkoitia.net helbidera idatzita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide