Herritarren artean euskararen erabilera handitzea du helburu planak (Ane Olaizola/Hitza)
Azkoitiko Udalak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia indarrean izango du beste urtebetez. Udalbatzak euskararen normalizazioarekin jarraitzeko plan estrategikoa urtebetez luzatzea onartu zuen ostegunean egin zuen osoko bilkuran. Beraz, 2009-2012ko planari segida emango dio aurten, eta «maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean» euskara «guztizberreskuratzeko» horren aldeko urratsak emango dituzte egitasmoarekin.
Azkoitiko Udalaren bigarren plan estrategikoaren luzapena izango da onartu berri dutena. Izan ere, udalak 2005ean jarri zuen lehenengo aldiz Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia indarrean. 2008an amaitu zen programa, eta hasitako bideari jarraipena emateko 2009-2011 plana onartu zuten 2009. urtean. Hiru urtera, berriz, urtebetez luzatu zuen. Hala, udalak 2009an hasitako bigarren plana aurreko urteko abenduan iraungi egin zen, udalak jakinarazi duenez. Hizkuntzaren normalizazioan urratsak emateaz gain, plana berriro indarrean jartzeak
Euskara toki-entitateetan diru-laguntza deialdira aurkezteko aukera emango dio udalari.
Plan estrategikoaren jarraipena izanik, ohiko esparruak landuko ditu datozen hilabeteetan. Familia transmisioari dagokionez, etxeko esparruan euskararen erabilera handitu dadin eta transmisioa ziurtatu eta kideen arteko hizkuntza euskara izan dadin komunikazioa eta sentsibilizazioa landuko ditu. Euskalduntzea eta prestakuntza izango da beste esparruetako bat, eta motibazioan eta ezagutzan eragingo du udalak. Horrez gain, irakaskuntzan, administrazioan, lan munduan, kirolan, kulturgintzan eta komunikabideetan ere urratsak ematea eta programak garatzea aurreikusi du Azkoitiko Udalak.
Euskara ikasteko laguntzak
Bildu, EAJ eta PSE taldeen aldeko botoekin eta Azkoitia Bairen abstentzioarekin onartu zuten plana luzatzea. Hala ere, ez zen euskararen inguruko puntu bakarra izan bilkuran. Izan ere, Azkoitian euskara sustatzeko jarduerei diru-laguntzak emateko oinarriak aldatu zituzten. Udalak egun euskara ikasteagatik ikasturte amaieran ematen ditu diru-laguntzak, baina euskaltegietako matrikulak jaitsi egin direla adierazi zuen Pello Bastarrika alkateak, besteak beste, krisiaren eraginez. «Azkoitian badago zenbait herritar euskara ikasi edota
maila hobetu nahi duena, baina baita horretarako hileko ordainketei aurre egiteko baliabide ekonomikorik ez dutenak ere». Honen arabera, egoera hori bizi duten gehienak langabeak eta etorkinak dira, eta alkatearen iritziz, «onartezina» da euskara ikasi nahi, eta «dirurik ez» dutelako ezin ikastea. Hori hala, orain arteko sistema aldatu, eta euskaltegietako ikasleek bi zatitan jasoko dituzte laguntzak. Gabon aurretik laguntzaren %40a jasoko dute, eta gainontzekoa eskolak amaitzean jasoko dute, beti ere baldintza guztiak betetzen badituzte. Baldintzetako bat ikastaroa gainditzea izango da. Era berean, Bilduk aurkeztutako hemendakin baten eraginez, hasiera batean ezarritako laguntzen eta diru sarreren inguruko mugak atzera bota ditu udalak. «Ez da logikoa herritarrei laguntzak eman nahi izatea eta aldi berean mugak ezartzea».
Euskaltegietan ez ezik, UEU, EHU eta Hik Hasiren uda ikastaroetako, barnetegietarako, autoikaskuntzararako eta bestelako ikastaroetarako laguntzak ere finkatu ditu Azkoitiko Udalak.
Laguntzen oinarriak behin-behinean onartu ditu, eta interesatuek helegiteak aurkezteko aukera izango dute hilabetez. Horien inguruko informazio osoa udalean eskura daiteke.