Apirilak 26
Apirilak 27, larunbata
- 17:00. Eskoba txapelketa.
- 18:30. Buruhandiak eta txokolatada.
- Ondoren. Laja eta Alabierrekin erromeria.
Apirilak 28, igandea
- 09:30. Meza egingo dute Floreagako kapilan, bailarako hildakoen alde.
- 11:30. Bolo txapelketa, 15 urtetik beherakoentzat.
- 12:30. Bolo txapelketa, helduentzat.
- 16:00. Jolas tailerrak umeentzat: pultserak, eraztunak, makilajea, aulki jokoa, sako korrika...
Maiatzak 1, asteazkena
- 11:00. XXXI. Gurutzetxoko Krosa.
- 14:00. Bazkari herrikoia.
- Ondoren. Laja eta Alabierrekin erromeria.
- 18:30. Buruhandiak.
Ohi bezala, bolo txapelketak egingo dituzte igande arratsaldean (Irene Elorza/Hitza)
Maiatzaren lehenengoarekin batera, festak izan ohi dira nagusi Azkoitiko Floreaga auzoan, eta aurtengoan ere auzoko jai batzordeak ez du hutsik egin. Hala, Floreagako bizilagunek eta herritar orok gozatu ahalko dute festaz datozen egunetan. Bihar hasiko dituzte jaiak, eta asteazkenera bitartean festetako ohiko saioak izango dituzte auzoan, berrikuntza bat edo besterekin.
Bihar, mus txapelketa egingo dute auzoko tabernan, 22:00etatik aurrera, eta bertan parte hartzeko 20 euro ordaindu beharko dute bikoteek. Sariei dagokienez, berriz, irabazleek txapela eta 100 euro jasoko dituzte, eta bigarren geratzen direnek trofeoa eta 60 euro. Ondorengo bi bikoteek, berriz, bina xanpain botila eta 40 eta 20 euro jasoko dituzte. Ez da txapelketa bakarra izango biharkoa, larunbatean eskoba txapelketa egingo baitute. Lehiatzeko 15 euro ordaindu beahrko dute bikoteek, eta lehenengo lau bikoteentzat sariak banatuko dituzte.
Ohi bezala, umeentzako ekintza ugari izango dira festetan, eta aurten txokolatada prestatuko dute lehenengo aldiz, larunbatean. Bazkari eta afariak ere egingo dituzte auzotarrek, eta dagoeneko eman daiteke izena. Larunbateko afarira joateko bihar bitartean eman daiteke izena, eta asteazkeneko bazkarira joateko, berriz, asteartera bitartean. Horretarako auzoko tabernara joan behar da, edo 943-08 38 54 telefono zenbakira deitu.
Haur, gazte eta helduentzako
Asteazkenean, maiatzaren 1ean, egun osoko ekintzak izango dituzte auzoan, baina bezperan Gazte Gaua ospatuko dute lehenengo aldiz, eta eskaintza bereziak izango dituzte tabernan. Hurrengo egunean, ohiko krosa egingo dute umeek eta helduek, eta haurrentzako pottokekin eta buruhandiekin amaituko dituzte festak.