Anaitasuna futbol taldeak ez du lortu hirugarren mailari eustea

Ane Olaizola 2013ko apirilaren 24a

Azkoitiko taldearen artxiboko irudi bat (Argazkia: Anaitasuna) Espainiako futboleko hirugarren mailako denboraldia oraindik amaitu ez bada ere, Anaitasuna Futbol Taldeak datorren denboraldirako mailari eusteko aukera galdu du. Asteburuan Durango taldearen aurka galdu ondoren, matematikoki ziurtatu zuen mailaz jaistea. Hala, denboraldi bat eta gero, Erregionalen Ohorezko Mailara itzuliko dira azkoitiarrak. «Ez da asteburu bateko kontua izan, aurretik zetorren. Denboraldi osoan emaitza onik ez dugu izan, eta beheko postuetan egon gara», adierazi du taldeko entrenatzaile Mikel Arregik. Entrenatzailearen arabera, faktore askok eragin dute Anaitasunaren jaitsiera. «Nire aldetik, beharbada ez dugu taldea ongi kudeatzen jakin. Horrez gain, taldea oso gaztea da, eta ohitu gabe dago halako mailarako». Anaitasunako lehendakari Javier Zubizarretaren arabera, berriz, taldearen «esperientzia eta zorte faltak» eragin du jaitsiera. «Jokalariei zama pilatzen joan zaie, eta konfiantza galtzen joan dira». Dena den, denboraldian zehar «asko ikasi» dutela nabarmendu du. Denboraldia amaitzeko lau partida ditu aurretik, eta egun azken postuan da Azkoitiko taldea, 22 punturekin. Haren aurretik dago Aurrera taldea, hiru puntu gehiagorekin. Entrenatzaileak adierazi duenez, mailari eustea zen aurtengo helburua, baina ez dute lortu. «Hasieratik bagenekien ez ginela gol asko sartuko genuen taldea izango. Oro har, ez dugu gaizki jokatu, baina emaitza txarrak izan ditugu», adierazi du entrenatzaileak. Zubizarretaren arabera, datorren denboraldiko helburua taldea sendotu eta ahalik eta azkarren berriro hirugarren mailan egotea izango da. Baikorra da lehendakaria: «Konfiantza berreskuratzen badugu, denboraldi gutxi beharko dugu mailaz igotzeko». Lekuko aldaketa Bestetik, Anaitasunako zuzendaritzako kideek ekainean utziko dituzte postuak, lau urteko epea amaitu ondoren. Hori hala, hautagai berriak aurkezteko epea zabaldu dute. Interesa dutenek maiatzaren 7ra bitartean dute horretarako aukera, elkartearekin harremanetan jarriz. Lekuko aldaketa ahalik eta egokiena izan dadin, kudeaketak hasi ditu zuzendaritzak. «Ardura handia dugu lekuko aldaketa honetan. Elkarteak aldaketa handia izan du azken lau urteetan, eta onerako izan da. Elkarteak mailari eutsi diezaion nahi dugu, eta orain arteko ildotik jarrai dezan, egungo zuzendaritzari konfiantza ematen dionak hartuko du zuzendaritza berria», dio lehendakariak. Zentzu horretan, hainbat pertsonarekin «hartu-emanetan» daudela adierazi du, eta baikor azaldu da prozesuarekiko. Hautagai bat baino gehiago aurkeztuko balira, berriz, bozketa egingo lukete elkarteko kideek. Horrez gain, Txerloiako azpiegiturak bertatik bertara ezagutu ditzaten, bisita egingo dute bazkideekin batera. 19:00etan elkartuko dira, Txerloian. Jubenilak, liga irabaztear Bestetik, Anaitasunako jubenilen egoera oso bestelakoa da. Jubenilen Euskal Ligan dabilen taldeak mailaz igotzea lortu du, baina horrez gain, partida garrantzitsua du etzi. Ligako lehenengo postuan dira azkoitiarrak, eta igoera ziurtatuta badute ere, ostiraleko partida berdintzea nahikoa izango dute liga irabaziko dute. Hala izanez gero, Anaitasunaren historian lehen aldiz Jubenilen Euskal Liga irabaziko lukeen talde azkoitiarra izango da. Basaurin izango dute norgehiagoka, hango Indartsu taldearen aurka. Ligako bigarren postuan daude Basaurikoak, eta horiek partida irabazi behar dute ligako garaileak izateko. Partidaren garrantziaren eraginez, beraz, doako autobusa abiatuko da Azkoititik, zaleek herriko taldea animatu dezaten. 19:00etan abiatuko da, liburutegi ondotik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide