Azkoitiko eta Azpeitiko Xeye Atletismo Taldeak proba berezia antolatu du lehenengo aldiz. Kilometro bateko lasterketa jokatuko dute Azkoitian, eta korrikalariek hiru minututan iritsi beharko dute helmugara. «Inguruan askotan entzun izan dugu ea nork egiten duen kilometro bat hiru minutu azpitik. Bada, hori erakusteko antolatu dugu lasterketa», adierazi du Joxe Antonio Zulaika Xeyeko kideak.
Larunbatean izango da saioa, 19:00etan, eta parte-hartzaileek Altzibar auzoko biribilgunetik (Ford lantoki aurretik) Plaza Berri ia amaieraino egin beharko dute korrika. «Ordu egokia dela uste dugu, inguru horretan herritar asko izaten baita kalean». Izan ere, lehenengo aldia izanik, lasterketa «proba bat» izango da hurrengo urteetarako. «Ikusiko dugu aurten zer erantzun izaten duen, eta horren arabera jarraituko dugu hurrengo urteetan antolatzen». Hala, aurtengoan azkoitiarrek soilik hartu ahal izango dute parte saioan. Dagoeneko zabaldu dute izena emateko epea. Interesa duena Elkargunean inskriba daiteke, doan.
Azkoitiarrak, erronkara bidean
Ekimenarekin bi erronka gainditu nahi ditu taldeak. Batetik, gutxienez hamar korrikalarik helburua lortzea, eta bestetik, hamar lagunen artean 30 minutu baino gutxiago osatzea. «Lehenengo erronka lortzeko zaila da, hiru minututan helmugara iristeko oso azkar egin beharko baitute korrika », dio Zulaikak.
Horrez gain, herritarrek nahiz ingurukoek Azkoitiko korrikalarien jarduna ezagutu dezaten nahi dute erronkaren bitartez. «Azkoitiarrak lasterketa motzetan nola ibiltzen diren plazaratu nahi dugu, horretarako aukera askorik ez baitugu izaten, eta proba hau egokia izan daiteke horretarako». Hori hala, Xeye-ko hainbat korrikalarik hartuko du parte. «Taldean badaude laupabost korrikalari kilometroa hiru minutu baino gutxiagon egiten dutenak». Horrez gain, Zulaikak adierazi duenez, Azkoitiko Triatloi Taldeko hainbat kide ere batu da ekimenera.