Larunbat honetan izango da Azkoitiko Herrira Eguna

Ane Olaizola 2013ko apirilaren 18a

Manifestazioa egingo dute arratsaldean, plazatik. (Argazkia: Xabier Otamendi) Azkoitiko Herrira-k antolatuta, Herrira Eguna ospatuko dute larunbatean. Preso politikoen eta iheslarien eskubideen defentsan hamaika ekitaldi egingo dituzte goizetik gauera bitartean, eta aurtengoan ohi baino lehenago ospatuko dute presoekiko elkartasuna adierazteko eguna. Izan ere, orain arte ekainean ospatu ohi zuten Herrira Eguna edo Elkartasun Eguna, baina aurten bi hilabete aurreratzea erabaki dute. «Ekainean ospatzen genuenean, oso segidan geratzen ziren beste festa eta ospakizunekin. Pilatu egiten ziren guztiak, eta aurten tarte bat eman nahi izan diogu Herrira Egunari», diote antolatzaileek. Hala, hurrengo urteetan ere data berriari eustea da asmoa. Data aldatu badute ere, ohiko ildoak jarraituko ditu etziko ekimenak, eta «salbuespen egoerara» amaitzea galdegingo dute. «Hala nola, presoak euskal herriratzeko, preso dauden gaixo larriak lehenbailehen askatzeko eta Parot doktrina amai dezatela aldarrikatzeko eguna izango da», diote. Pilota partidak, lehenengoz Krosarekin emango diote hasiera ekimenari, 10:30ean, herriko plazan. Dena den, parte-hartzaileek 10:00etatik eman beharko dute izena bertan, zazpi euroren truke. Antolatzaileek, korrikalariei kamiseta bana emango die lasterketa amaitzean. Eman pelotiei presuek askatzeko pilota txapelketa izango da aurtengo berrikuntza nagusia, eta larunbatean jokatu dute finala. Azken asteetan pilota partidak aritu dira jokatzen Kontzejupean, eta finalera iristen den bikoteak bertsolariez girotuta jokatuko dute. Halaber, txapelketan parte hartu dutenek eta interesa dutenek pilotan kaleka jokatzeko aukera izango dute ondoren. Eguerdian, berriz, herri bazkaria egingo dute plazan. Bertaratzen direnek paella bazkalduko dute, eta horretarako txartelak dagoeneko salgai daude Zurt, Etxe Aitz eta Zakela tabernetan. Eguraldiaren arabera, plazan bertan edo ondoko arkupetan egingo dute bazkaria. Antolatzaileek adierazi dute 150 lagunentzat prestatuko dutela bazkaria; aurreko urtean 100 herritar inguru elkartu ziren, eta aurten ere kopuru horretara iristea aurreikusten dute. Ohi bezala, arratsaldean manifestazioa egingo dute herriko kaleetan zehar, presoen eskubideen defentsan. Musikarekin amaituko dute ekimena. Plazan, Non Servium talde madrildarrak kontzertua eskainiko du, 22:30eatik aurrera, eta festa goizaldera arte luzatuko dute gero. Halaber, antolatzaileek egun osoan zehar txosna jarriko dute plazan bertan. Presoentzako argazkiak Herriko preso eta iheslariei babesa emateko, Herrira-k ekimen berri bat hasi du; «koadrilan, lokalean, kirol edo kultur taldean, tailerrean… elkartu eta lau ahulki huts edota kartelekin argazkia ateratzea eskatzen diegu herritarrei. Ahulki hutsek Torre eta Traki presoak eta Txetxu eta Kinttela iheslariak gure artean nahi ditugula irudikatuko dute». Deialdia, hasiera batean, etziko Herrira Egunerako zehaztu bazuten ere, antolatzaileen arabera, azken egunetan ari dira argazki gehienak jasotzen, eta herritarrek argazkiak bidaltzeko denbora gehiago izan dezaten,maiatzaren 18an egingo duten Plazak bete ekimenera atzeratu dute. Bertan, mosaiko bat osatuko dute jasotako irudi guztiekin. Era berean, taldeak ekimenean parte hartzen dutenak gonbidatu ditu atera duten argazkia preso eta iheslari horiei gutunez edo emailez bideratzera. «Ziur gaude detaile horrek ilusio handia egingo diela eta zuen babesa sentituko dutela». Argazkiak ateratzeko, Azkoitiko Herrira-rekin jarri daiteke harremanetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide