Etxe kaleratzeen kontrako manifestazioa, Getarian. (Argazkia: Haritz Alberdi)
Azkoitiko Udalak etxe kaleratzeen aurrean hartuko duen jarrera zehazteko, protokolo bat jarriko du abian. Dagoeneko zirriborroa prestatuta du, baina protokoloa herritarrekin, banketxekin, talde politikoekin edota eragileekin osatu nahi du, eta horretarako etxe kaleratzeen inguruko foroa osatu dute. Udalak ostegunerako deitu du bilera, eta bertan hartuko dute parte udaleko talde politikoek, herriko banketxeek eta Stop Etxe Kaleratzeak taldeko kideek. Halaber, interesa duten herritarrek ere parte hartzeko aukera izango dute. «Saioak bilera izaera izango du, eta etxe kaleratzeen inguruko zirriborroari buruz hausnartzea du helburu», adierazi du Urrategi Alberdi zinegotziak. Hala, etziko bilerara bertaratzen direnen ekarpenak jasoko dituzte, behin betiko protokoloan txertatzeko. «Protokoloa guztien artean adostu nahi dugu, ahalik eta egokiena izan dadin».
«Egungo egoerak bultzatuta» sortuko du udalak protokoloa. «Gaia kezkagarria da, eta halako kasuen aurrean herritarrei laguntza eta babesa eskaini nahi genioke». Udalak, oraingoz, ez du etxegabetze kasuen berririk izan herrian, baina halakorik gertatuz gero, jarraibide bat zehaztu nahi du. Zirriborroak, momentuz, hainbat puntu jasotzen du. Udalak adierazi du protokoloaren helburuetako bat ohiko etxebizitza galtzeko arriskuan daudenei laguntza praktikoa ematea dela. Horretarako, etxe kaleratzeren bat gertatuz gero, dagokion bankuarekin harreman bidea zabalduko du, hari prozedura bertan behera utzi dezan eskatzeko. Era berean, banketxeek, etxe kaleratzearekiko duten «jarreraren» arabera, «harreman instituzionala, ekonomikoa eta elkarlana» berrikusiko duela dio, eta etxegabetzeak egiten dituzten banketxeekin «harremanak etetea» jaso du zirriborroan. Halaber, udalak etxegabetzeen aurka lan egiten duten eragileen arteko elkarlana babestea aurreikusi dute. Bileretako ekarpenak jasota, behin betiko protokoloa egin, eta osoko bilkuran onartuko dute indarrean jarri ahal izateko.
Bigarrena eta hirugarrena
Lehenengo bilera pasa zen otsailean egin zuten, eta zortzi lagunek hartu zuten parte; hala nola, udaleko, Kutxako eta Caritaseko ordezkariak izan ziren bileran. Ostegunean, 19:00etan, Elkargunean egingo dute bigarren bilkura, eta udalak adierazi du litekeena dela hirugarren saio bat egitea.