Imanol Azpiroz
Azkoitiko hondakinen lantaldeak bigarren saioa egin zuen herenegun, eta San Marko Mankomunitateko lehendakari ohi eta Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako kide Imanol Azpirozek Gipuzkoako Hondakinen Plana izan zuen hizpide, Elkargunean bildu ziren dozenaka herritarren aurrean. Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri nahi duen hondakinen kudeaketa azaldu zuen Azpirozek.
Azpirozen arabera, kudeaketa sistemaren planak Europako Legebiltzarrak ezarritako politikei jarraitzen die, eta hiri hondakinen kudeatzeko honako hierarkia du ezarrita: prebentzioa,
berrerabiltzea, birziklatzea, beste balorazio motak eta eliminazioa eta isurketa. Hierarkia hori
da Zero Zabor ereduak jarraitzen duena, eta, beraz, Gipuzkoako Hondakinen Planak eredu
hori du ardatz. Azpirozen arabera, ordea, egun martxan dagoen «eredu masiboak»
azken bi puntuak soilik ditu jarraibide.
50 lagun inguru elkartu ziren bigarren bileran, asteartean. (Ane Olaizola/Hitza)
«Eredu masiboa», zehazki, «kapitalak bultzatzen duen eredua» dela ohartarazi zuen hizlariak. «Sistema kapitalistan bizi gara, eta bertan kontsumoa da jaun eta jabe. Honek ahalbidetzen du eredu masiboa, eta kapitala da hiri hondakinen politika inposatzen duena». Eredu honen helburua, Azpirozek azaldu zuenez, «ahalik eta irabazi ekonomiko handiena» lortzea da, «ingurumen eta osasunari eragin diezaiken arriskuen gainetik».
Hori hala, bilketa masiboa da, Azpirozen arabera, «errauste plantak behar duena». Izan ere, egungo sistemarekin hiri hondakinen %30 soilik bereizten dela gogoratu zuen, hiri hondakinen %90 birziklagarria den arren. Ildo horretatik, hainbat datu plazaratu zuen: Azkoitian, iaz zabortegira bideratu ziren hondakinetatik %56 organikoa izan zen. Gipuzkoa osoan, berriz, Getaria da urteko eta biztanleko zabor gehien sortzen duen herria. Horrek guztiak, gainera, ingurumenean eragiteaz gain, kostu ekonomikoak areagotzen dituela nabarmendu zuen, zabortegira bideratutako gaiak tratatzeko ordaindu behar diren tasen eraginez. Horren aurrean, beraz, Gipuzkoako Hondakin Planaren helburua «ahalik eta hondakin gutxiena sortzea eta ahalik eta gehien birziklatzea» dela berretsi zuen.
Planaren ardatzak
Gipuzkoako Hondakinen Planaren arabera, hondakinen arazoari aurre egiteko irtenbidea gaikako bilketa da. «Osasunari eta ingurumenari kalte txikiagoa eragiten dio». Zentzu horretan, konpostaje plantak, errefusarentzako TMB planta eta Zubietan biometanizazio planta bat jartzeko asmoa dute. Konpostaje plantei dagokionez, herrialde osoan sei jartzea aurreikusten dute. Horietako bat Urola Kostakoa da, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalerriek osatuko luketena. Urola Erdikoa, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil eta Zestoak osatuko lukete, Debabarrenako eskualdearekin partekatuko lukete.
Gipuzkoan abiatu nahi duten planaren bitartez, material organikoaren kalitatea hobetuko litzatekeela adierazi zuen Azpirozek, eta horrez gain, aurreko eredua ez bezala, desentralizazioan dago oinarrituta plana. Horrek, gainera, enplegu lokala sortuko lukeela aipatu zuen. Testuinguru honetan, ordea, «erantzukizuna norberaren etxetik» hasten dela nabarmendu zuen.
Parte hartzea, nahi adina ez
Berrogeita hamar lagun inguru elkartu ziren asteartean Hondakinen lantaldearen saioan, eta Azpirozen azalpenak entzun eta gero, planaren eta hondakinen kudeaketaren inguruko zalantzak argitu eta ekarpenak jaso zituzten. Lehenengo saioan baino herritar gehiago bertaratu bazen ere, udalak gogoratu zuen herriko eragile eta talde politiko guztiak daudela lantaldeko saioetara gonbidatuta, eta horiek eta herritarrek parte har dezaten ahalegin berezia egingo duela adierazi zuen. Hurrengo saioa maiatzaren 8an izango da, eta bilketa eredu anitzak jorratuko dituzte orduan. Saio guztiak amaitzen direnean, ondorioak atera eta adostasunera iristeko azken bilkura egingo dute.