Imanol Larrañaga 'Bitturi': «Oso gustura nago aurtengo emaitzekin; ezin dut gehiago eskatu»

Ane Olaizola 2013ko apirilaren 10a

Imanol Larrañaga Bitturi (Azkoitia, 1981) Azkoitiko Triatloi Taldeko kidea sprint distantziako duatloiko Euskadiko Txapeldun bihurtu zen joan zen hilaren 23an, Ermuako proba irabazi eta gero. Larunbatean, berriz, Azkoitiko proban hartuko du parte. Zer sentiarazi dizu Euskadiko txapeldun izateak? Ezustean harrapatu ninduen txapelketa irabazteak. Denboraldiko proba askotan lehenengo postuetan sailkatu naiz, baina ez nuen uste Ermukoa irabaziko nuenik. Lasterketa ona atera zitzaidan. Gustura al zaude aurtengo emaitzekin? Oso gustura nago. Ondo ibili naiz. Ezin dut gehiago eskatu. Sprint distantziako duatloian soilik hartzen al duzu parte? Ez. Sprint eta distantzia motzekoak egoten dira, eta bietan hartzen dut parte. Aspalditik al zabiltza honetan? Lehen futbolean jokatzen nuen, eta duela lau urte duatloian hasi nintzen pixkanaka. Dena den, aurten serioago heldu diot, eta emaitzak ere hobeaak izan dira. Etzi Azkoitiko Duatloian parte hartuko al duzu ? Bai. Azkoitiko Triatloi Taldeko kidea naiz, eta gu ari gara proba antolatzen. Taldetik 10 bat lagunek hartuko dugu parte. Guk parte hartzeko taldeko besteek askok egin behar dute lan, eta antolakuntzan parte hartuko dutenei eskerrak eman nahi dizkiet. Azpimarratu behar da, gainera, proba hau antolatzeko bereziki Aitor Beneitez aritu dela urte osoan buru-belarri lanean. Hein batean, berak indartu du taldea, eta bere lanagatik izan ez balitz, ez ginateke gauden bezala egongo. Zer emaitza espero duzu? Ahalik eta lan txukunena egitea da nire asmoa. Ez dut uste, ordea, irabaziko dudanik. Ez dut nahi irabaztearekin itsutzerik. Zer erronka dituzu aurrera begira? Denboraldiko duatloiak laster amaituko dira, eta gero triatloiak hasiko dira. Ez dut egin inoiz trialtoirik, eta probatzeko gogoz nago. Igerian ez naiz oso ondo moldatzen, baina gozatuko dudala uste dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide