Elosuako plazaren inguruan egingo dituzte lanak (Ane Olaizola/Hitza)
Elosua auzoan hobekuntza lanak hasiko dituzte Azkoitiko eta Bergarako udalek. 39 aparlaleku, umeentzako jolas-eremua eta erabilera anitzerako izango den proba leku bat egingo dituzte datozen hilabeteetan. Era berean, aulkiak eta zuhaitzak landatuko dituzte han hemenka.
Elosua Azkoitiko eta Bergarako lurretan dago banatuta, eta bi udalek sustatu dituzte lanak; hain zuzen, lanen gastuak ere erdibana ordainduko dituzte. Azkoitiko alkate Pello Bastarrikak eta Bergarako alkate Jesus Elortzak dagoeneko sinatu dute proiektuaren inguruko hitzarmena. Hori hala, proba lekua eta 22 aparkaleku Azkoitiko eremuan egongo dira, eta gainontzeko 17 aparkalekuak eta umeentzako jolas-eremua Bergarako zatian egingo dituzte.
Proiektuak 131.263 euroko aurrekontua du, eta landa-inguruneak sustatu eta garatzeko asmoz Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako Erein programaren bidez 49.402,81 euroko diru-laguntza jasoko dute. Era berean, udalek Iriaun baserriko lurrak eskuratu dituzte lanak egiteko, etxeko «baserritarrekin ados jarrita».
Elosuko hobekuntza lanen proiektua Berpiztu programaren emaitza izan da; 2008tik 2010era egin zuten. Egitasmoaren ondorioa izan zen Elosuko Ekintza Plana adostea Azkoitiko eta Bergarako Udalek eta Elosuko Auzo Elkarteak. Bertan zehaztu zuten, besteak beste, proiektu berria garatzea plazaren inguruan. Hala, Elosuko plazaren hobekuntzarako urbanizazio lanen proiektua idatzi dute bi udalek elkarlanean, lanak 2102 eta 2013 urteetan egiteko asmoarekin. Hain zuzen, urriaren 12an auzoan egiten duten azokarako obrak amaituta izatea aurreikusi dute.
Lanak, «beharrezkoak»
Auzotarrek gustura jaso dute berria, «aspalditik datorren eskakizuna» delako. Hango bizilagun batek UROLA KOSTAKO HITZA-ri adierazi dionez, lan horiek «beharrezkoak» dira auzoan. «Parkean ibiltzeko Gorlara joan behar dute umeek; plaza inguruan, ordea, ez dute ezer. Auto artean ibiltzen dira, eta hori arriskutsua da».