Father Murphy hirukoteak zabaldu ditu Bebarruko Jardunek.
Martxoak 22, ostirala
- 22:30. Father Murphy taldearen kontzertua.
Apirilak 10, asteazkena
- 21:30. One + one (Simpathy for the devil) filmaren emanaldia.
Apirilak 12, ostirala
- 22:30. Sightings taldearen kontzertua.
Apirilak 17, asteazkena
- 21:30. Instrument filmaren emanaldia.
Apirilak 21, igandea
- 19:00. Bapatean zirko taldearen Tenderete ikuskizuna.
Apirilak 24, asteazkena
- 21:30. Blackpower Mixtape 1967-1975 filmaren emanaldia.
Maiatzak 3, ostirala
- 22:30. Joseba Irazokiren kontzertua.
Azkoitiko Matadeixek Bebarruko Jardunek antolatu ditu beste urte batez, eta ohiko egitarauari eutsi diote aurtengoan ere; hala, kontzertuek, filma emanaldiek eta ikuskizunek osatuko dute programa; hiruna musika saio eta proiekzio izango dira bihartik aurrera, eta Father Murphy taldeak zabalduko du aurtengo edizioa. Italian talde ezaguna da Father Murphy, eta genero desberdinak uztartzen dituzte; hala nola, Italiako prog-rockaren, Erresuma Batuko post punkaren eta new wave-aren eraginak antzeman daitezke. Espainiako Estatuan egiten ari den birako azken kontzertua eskainiko dute Matadeixen.
Antolatzaileek musika estilo desberdinak hautatu dituzte aurtengo Bebarruko Jardunetarako; bigarren kontzertua Sightings taldearena izango da; «rock taldea dira, bai, baina oraindik iristear dagoen rocka, etorkizuneko soinua. Erritmo estralurtarrezko hizkuntza batean adierazten da». Hala laburbildu dute antolatzaileek taldearen jarduna. Hirugarren kontzertua, berriz, Joseba Irazokirena izango da. Bakarkako kontzertua izango bada ere, kantariak soinu efektuekin eta bestelako musika tresnekin esperimentatuko du, folka, bluesa eta psikodelia doinuak sortuz.
Musikarekin batera, zinemak hartuko du tarte berezia;
Zinema, musika... iraultza! zine zikloa egingo dute, hiru filmen bitartez.
Sympathy For The Devil (
One Plus One) dokumentalak, esaterako, 60ko hamarkadako kontrakulura eta militantzia politikoa edota Pantera Beltzak mugimenduaren inguruko ikuspegia azaltzen du, Rolling Stones taldearen agerpenarekin. Istrument dokumentalak, berriz, Fugazi taldearen ibilbidea jorratzen du;
Black Power Mixtape 1967–1975 dokumentala izango da hirugarrena, Black Power mugimenduaren bilakaera aztertzen duena.
Bapatean zirko taldearen
Tenderete ikuskizuna ere berreskuratu dute Matadeixen, duela zenbait hilabete bertan behera geratu ondoren, apirilaren 21ean izango delako Arregi azkoitiarrak eta Israel Cuadradoren zirko emanaldia.
Kasik-en disko aurkezpena
Bestetik, Bebarruko Jardunen barruan egingo ez badute ere, Kasik Azkoitiko eta Azpeitiko taldeak
Nora? bigarren diskoa aurkeztuko du etzi, Matadeixen. Lehenengo lanaren aldean, «geureagoa» dela diote hamar abestiz osatutako diskoa. 22:30ean hasiko da kontzertua, eta sarrera hiru euro ordaindu beharko da. Sarreraz gain diskoa nahi dutenek, bost euro ordaindu beharko dute.