Aste honetan hasi dira entseguk egiten. (Argazkia: Azkoitiko Udala)
Gorakada nabarmena izango du aurten umeen danborradak. Azkeneko urteetan ez bezala, 250 ume inguru dira danborra jotzekoak apirilaren 6an. Aurreko urteko parte-hartzaileen hirukoitza da kopurua, hain zuzen ere. Iaz 70 haurrek astindu zituzten danborrak egun horretan. Hori ikusita, azken urteetako beherakadari aurre egin eta ekimena indartzeko asmoz, Umore Ona Elkarteak dataz aldatu du ekitaldia, eta lehenengo aldiz Pazko Astean egingo dute. Elkarteko kide Jon Ander Azkuek aitortu duenez, asmatu dute data berriarekin: «Gure helburua azken urteetako egoera iraultzea zen, eta lortu dugu. Uste genuenaren aldean, ume askok eman dute izena». Hala, gustura dira elkartekoak deialdiak izan duen harrerarekin. Horrek aurrera jarraitzeko indarra eman diela adierazi du.
Lehenengo aldiz, Pazko Asteko larunbatean egingo dute danborrada, beraz. Orain arte Pazko Egunean egiten zuten. Behin betiko ordua zehaztuta ez badute ere, 17:30ean hasteko asmoa dute. Eguraldi txarra egiten badu, gainera, igandera atzeratzeko aukera izango dute. «Oporrak direla medio kanpora joaten diren familiak ordurako herrian izaten dira bueltan, umeek astelehenean eskolara joan behar izaten baitute». Antolatzailearen ustez, hori da gorakadaren arrazoietako bat.
Sukaldarien deialdia irekitzear
Dagoeneko itxita dago danbor-jotzaile eta kantinera izateko, eta karrozan joan ahal izateko izena emateko epea. Dena den, ohiturari jarraituz, danborradaren atzetik sukaldariak aterako dira. Horietako bat izan nahi duenarentzat, astelehenean zabalduko dute izena emateko epea. Gurea pilotalekuan, entsegu tokian, jarriko dute horretarako zerrenda.
azkoittikodanborrada@gmail.com helbidean ere inskriba daiteke interesa duena. Izen-abizenak, umearen adina eta harremanetarako telefono zenbakia zehaztu behar da izena ematerakoan.
Entseguak aste honetan hasi dituzte, eta hor ere izan da aldaketarik. Ordutegia aurreratu dute: eta 19:00etatik 20:00etara elkartzen dira frontoian. Azkueren arabera, ordu aldaketak eta umeen gorakadak ez du arazorik eragin, eta entseguak martxa onean doaz. Hilaren 27ra artean, astelehen, asteazken eta ostegunetan entseatuko dute. Apirilaren 3 eta 4ean ere egingo dituzte.
Danborra jotzen ez dakiten umeei horretan irakasteko eta bestelakoak prestatzeko, gainera, Umore Ona elkartekoek hainbat herritarren laguntza dute. Horietako batzuk elkarteko aurreko belaunaldietako kideak eta helduen danborradan aritzen direnak dira, eta Azkuek nabarmendu du horien laguntza ezinbestekoa zaiela danborrada antolatzeko. «Laguntzaile hauei esker ez zen posible izango danborrada aurrera eramatea».