EAJren lehentasuna merkataritza sustatzea izango da aurrekontuetan

Ane Olaizola 2013ko martxoaren 12a

Mikel Juaristi, Mikel Zubizarreta eta Alazne Larrañaga, 2013ko aurrekontuetarako irizpideen berri ematen. (Ane Olaizola/Hitza) Azkoitiko Udala aste honetan da 2013ko aurrekontuak onartzekoa, eta horren harira, EAJk zenbait emendakin aurkeztu du Ogasun Batzordean. Taldeak hiru irizpide nagusi zehaztu ditu aurtengo aurrekontuetarako, eta lehentasunetako bat Azkoitiko jarduera ekonomikoa sustatzea izango du. Hain zuzen, partida handiena herriko merkataritza indartzeko bideratzea nahi dute. «Merkataritza herri osoan zabaldu da, baina alde zaharra hutsik geratzen ari dela ikusi dugu», adierazi du Mikel Zubizarretak, EAJko bozeramaileak. Hori hala, gune horretako merkataritzaren egoera biziberritzeko dinamizazio plan bat egitea proposatu dute. Gizarte zerbitzuak mantentzea da jeltzaleen beste irizpideetako bat. «Gero eta herritar gehiago dago beharra duena, eta horiei laguntzea ezinbestekoa da, ez dutelako baliabiderik». Azkenik, herritarren «bizi kalitatea bermatzeko» askotariko proiektuak proposatu dizkiote jeltzaleek Azkoitiko Udal Gobernuari. Nabarmenena Musika Eskola Elkargunera aldatzea da, egungo eraikinak «segurtasun baldintzak» ez dituelako betetzen, besteak beste. «Ume asko ibiltzen da musika eskolan, eta leku gutxi dago guztientzat». Musika Eskolako batzordeak berak egindako proposamena dela aipatu du Zubizarretak. «Proiektu horretarako partidak aurrera joango direla dirudi», gaineratu du. Horrez gain, Baztartxo antzokiko teilatua konpon dezaten nahi dute, itoginak «aspalditik» daudelako. Era berean, Elkarguneko teilatua eta saskibaloi kantxa berritzea ere proposatu dute. Bestetik, hainbat talde kultur etxetik kanporatu dela eta, eraikina herriaren erdian egonik, haren mantenurako «partida berezi» bat bideratzea proposatu dute. Irisgarritasunari dagokionez, Floreaga auzoan egin zen azterketa garatzea gomendatu diote Bilduri. Eskaerak, «bideragarriak» Zubizarretak adierazi du EAJren proposamen horiek aurrera eramateak eragiten duen kostu ekonomikoa «bideragarria» dela. «Udal Gobernuari eta gainontzeko alderdiei helarazi dizkiegun emendakinetan argi geratzen da hori». Izan ere, Kreditu Globala, udalak «badaezbada ere» edukitzen duen partida, iaz ez zutela ukitu adierazi du Zubizarretak, beraz, hortik «dirua hartzea posible» dela uste dute. Udalak, bestetik, plan estrategikoa garatzeko 38.000 euro gastatzea aurreikusita duela dio. Baina hori «atzeratu» daitekeela esan du: «Udal Gobernuak ez du argi ikusten hori nola garatu, eta horregatik hurrengo urterako utzi daiteke». Era berean, etorkinentzat diru-laguntzak igo beharrean, manten ditzatela eskatu dute. EAJk adierazi du 2012ko aurrekontuetan udalak 505.000 euro «gastatu gabe» utzi dituela. «Bi urte hauetan askotan entzun dugu udalak ez duela dirurik, eta harrituta geratu gara, iazko aurrekontuetan 505.000 euroko soberakinak geratu direlako». Bozeramaileak azaldu du aurrekontuetan partida batzuk bideratzen direla egitasmo batzuk aurrera eramateko, eta gastatzen ez bada, hurrengo urterako geratzen direla. Horien adibideak eman ditu Zubizarretak. Haren arabera, udal argiteriaren mantenurako 35.000 eurotik 22.016 euro gastatu dira. Ikastolako eraikuntzaren mantenurako, 30.000 eurotik 6.923 euro gastatu dituzte; merkataritzako ekintzak egiteko 10.000 euroko partida zuten, eta 4.685 behar izan dituzte; baserri bideetarako 80.000 eurotik 9.834 euro gastatu dituzte; baserrietako postontzi eta seinaleetarako, berriz, ez dute batere gastatu, eta 2.000 euro zituzten horretarako; eta hiri altzarietarako, 40.000 eurotik 13.200 gastatu dituzte. Azkenik, EAJk adierazi du hurrengo urtera begira 700.000 euroko diru-sarrera espero duela udalak, Aldundiarekin duen zorra ordaintzea bukatzen duelako. Jeltzaleen arabera, honi esker 2013ko obra batzuk aurrera eraman ahalko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide