Pazko Asteko larunbatean egingo dute umeen danborrada aurten Azkoitian

Ane Olaizola 2013ko martxoaren 6a

Danborradako antolatzaileak eta laguntzaileak, agerraldian. (Ane Olaizola/Hitza) Azkoitiko Umeen Danborradak aldaketak izango ditu aurten. Ekimenaren antolatzaile Umore Ona elkarteak eta laguntzaileek astebete atzeratu dute ekitaldia, eta aurten Pazko Astean egingo dute; apirilaren 6an, hain zuzen ere. Danborrada indartzeko asmoz erabaki dute data aldatzea, azken urteetan dabor-jotzaileen kopurua «nabarmen» jaitsi baita. Gainera, lehendabizikoz, larunbat arratsaldean izango dute hitzordua herriko umeek. Hala, egun horretan euria egiten badu, elkarteak igandera atzeratu ahalko du danborrada. Orain arte Aste Santuko Pazko Egunean egiten zuten danborrada, baina urtez urte gutxitzen joan da parte-hartzaileen kopurua, eta gero eta txikiagoa da haien adina. Aste Santuko oporraldia izanik, antolatzaileen esanetan Pazko Egunean egiteak eragin du danbor-jotzaileen beherakada, eta data berriarekin egoerari buelta eman eta harrera hobea izango duelakoan dira. «Azken urteetan indarra galtzen joan da, eta orain arteko datarekin jarraituz gero, ez ginateke 50. urteurrenera iritsiko», adierazi du elkarteak. Duela bi urte belaunaldi aldaketa izan zen Umore Ona elkartean, eta kide berriek hartu zuten txokoa. Gazteek adierazi dute elkartearen «konpromisoei» eustea zela haien helburua, baina danborrada eraberritzeko beharra ikusi dute. «Iazko danborradak aldaketa eskatzen zuen dagoeneko. Ume gutxik hartu zuten parte, eta asko txikiegiak ziren». Aldaketen berri emateko Azkoitiko Musika Bandarekin bilera egin dute, eta kideen oniritzia jaso dutela jakinarazi dute. Halaber, Xabier Munibe ikastolako eta Floreaga ikastetxeko Lehen Hezkuntzako eta DBHko lehen eta bigarren mailetako zuzendariekin egon dira, eta deialdian esku hartzeko eskatu diete, izena ematera animatu daitezen umeak. Hori hala izanik, bi ikastetxetan eman ahal izan dute izena azken egunetan. Elkarteak gaur bertan jasoko ditu izena eman dutenen zerrenda. Inskribatzeko bide nagusia ikastetxeak izango badira ere, antolatzaileekin harremanetan jarriz ere izena emateko aukera badagoela adierazi dute. Era berean, herriko gurasoak ere inplikatu daitezen nahi dute, «egoerari buelta eman eta ahalik eta ume gehienek hartu dezaten parte». Entseguetan ere aldaketak Astelehenean hasiko dituzte danborradarako entseguak, eta hor ere izango da aldaketarik. Orain arte 20:00etatik 21:00etara elkartzen ziren entseguetan, eta ordutegia aurreratu dute. Hala, 19:00etatik 20:00etara bilduko dira aurten, Gurea pilotalekuan. Gainontzean, ohiko ibilbidea mantendu egingo dutela aurreratu dute antolatzaileek. Urtero bezala, Santa Klaratik abiatuko dira, eta umeek ohiko geldialdiak egingo dituzte herrian zehar.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide